Mundakako 31. Eskubaloi Txapelketak 368 laguneko parte hartzea izango du
Mundakak 31. Eskubaloi Txapelketa hartuko du asteburuan. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako taldeek jokatuko dute, hainbat kategoriatan. 368 lagunek parte hartuko dute zapatua eta domeka bitartean.
Asteburuan, Mundakako Isla Kale kiroladegiak 31. Eskubaloi Txapelketa hartuko du. Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik bertaratutako taldeak ariko dira bertan, eta guztira 368 lagunek parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek. Horietatik 238 emakumeak izango dira, eta 130 gizonak.
Zapatu goizean abiatuko dute lehiaketa, umeen eta gizonezkoen kadete mailakoen partiduekin; lehenengoan neska zein mutil ariko dira. Ume mailan, Leizaran eta Urdaibai neurtuko dira. Gizonezkoen kadete mailan, aldiz, Urdaibai Urdulizen kontra ariko da. Arratsaldean, emakumezkoen txanda izango da: kadeteek eta gazteek jokatuko dute. Kadete mailan, Urdaibaiko jokalariek Eharialdeako arabarren kontra jokatuko dute; gazte mailan, Urdulizkoen aurka.
Domekan, goizez jokatuko dituzte norgehiagokak.
Lehenengo eta behin, gizonezkoen gazte mailakoak lehiatuko dira: Urdaibai Urdulizen kontra. Jarraian, nagusi mailakoek testigua hartuko dute, eta kategoria horretan ere talde berberek jokatuko dute. Lehiaketa borobiltzeko, nagusi mailako emakumezkoek jokatuko dute: Eharialdea etxeko taldearen aurka.
Arinagoko aldietan bezala, antolatzaileek herritarrei «txapelketaz gozatzeko deialdia» luzatu diete, sarrera doakoa izango baita.