Lointek Gernika Bizkaia, Euskal Kopako hirugarren garaipenaren bila
Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa lehiatuko du asteburuan: zapatuan, Araskiren kontra; domekan, IDKren aurka. Anna Montañanak lantalde osoa jokatzeko prest du jadanik.
Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa jokatuko du datorren asteburuan. Gernika-Lumoko taldeak txapelketa hori hirugarrenez erreskadan irabazteko saiakera egingo du, azken bi aldietan gailendu egin baitziren. Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak jadanik lantalde osoa beharrari ekiteko prest du, 11 jokalariak barne. Taldera biltzen azkenengoa Sandra Igerabide izan da.
Aurtengo Euskal Koparen berritasun nagusia kokaleku aldaketa izango da: Durangoko Landako gunetik Tolosako Usabal kiroldegira pasatu dute konpetizioa. Lointek Gernika Bizkaiak zapatu arratsaldean, 18:00retan, Araski taldearen kontra jokatuko du; domekan, 12:00etatik aurrera, ostera, IDKren aurka.
Helburu bikoitza. Talde gernikarraren lehenengo helburua, azaldu dutenez, “talde lana egitea” izango da. Lantaldeko 11 jokalariak biltzen diren lehendabiziko aldia denez, “talde giroa sustatzea eta denboraldirako oinarriak finkatzea” bilatuko dute. Kopako azken bi garaipenak defendatzea izango da bigarren helburua. Dena dela, azken hori bigarren mailako jomuga da, denboraldiko lehen geltoki garrantzitsua Eurocup Women txapelketako atariko kanporaketa gainditzea izango da, Phantoms Basket Boom taldearen aurka. Norgehiagoka hori urriaren 5ean jokatuko dute gernikarrek, Anberesen.