Bizikletaren erabilera bultzatuko du, beste behin, Bizikleta Asteak
Aurten, zapaturako eta domekarako ekimenak prestatu dituzte, eta ingurumenaren aldeko pedalkadak emateko hainbat aukera izango dute herritarrek. Laugarren Lagunarteko Lumoko Kronoigoera lehiatuko dute zapatuan, eta martxa txikia egingo dute domekan.
2010az geroztik, eta 2020a salbu, urtez urte antolatu du Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak Bizikleta Astea Gernika-Lumon. Aurten, zapaturako eta domekarako ekimenak prestatu dituzte, eta ingurumenaren aldeko pedalkadak emateko hainbat aukera izango dute herritarrek.
Beste urte batez, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunagaz bat egingo du txirrindulari elkarteak antolatutako asteak, eta bizikletak hartu eta kotxea alde batera uzteko deia egin dute aurten ere: “11 urte beteko dira Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunaren eta Mugikortasunaren Astearen inguruan ekintzak antolatzen ditugunetik, eta aurten ere, bizikleta bultzatzeko eta ingurumenaren alde egiteko aprobetxatuko dugu. Mugikortasun astea da eta bizikletaren erabilera bultzatu gura dugu, kotxeaz gain badaudela bestelako aukerak erakutsi gura dugu”.
Hori horrela, lagunarteko bizikleta irteeragaz hasiko dituzte asteburuko ekintzak zapatuan. “Ez da irteera gogorra izango, 50 kilometro inguruko bidea egingo baitugu. Eta, gero, hurbiltzen diren guztientzako hamaiketakoa egingo dugu”, zehaztu dute.
Laugarren kronoigoera.
Zapatu arratsaldean, laugarren Lumoko kronoigoeran batuko dira. 1,8 kilometro eta %7,5eko batez besteko malda dauka Pasealekua eta Lumo batzen dituen igoera laburrak baina gogorrak, eta bide hori egiten azkarrena nor den erabakiko da zapatuan. Iaz, 68 lagunek parte hartu zuten lagunarteko proban, inoiz baino gehiagok, eta Asier Urionabarrenetxea izan zen Lumora azkarren ailegatu zena; errekorra, baina, Ekaitz Lejarzegirena da (lau minutu eta 20 segundo). Gaur gaurkoz, 30 lagun inguruk izena eman dute, baina oraindik izena emateko aukera dago.
Lehenengo, Bizkaiko Federazioko kadete batzuk hurreratuko dira, eta gero, 12 urtetik 16 urtetara artekoek lehiatuko dute kronoigoera. Horien ostean, 16 urtetik gorakoek parte hartuko dute. “Euria egingo du, eta ez dakigu zenbat pertsonak izena emango duten, baina parte hartzera deitzen ditugu herritarrak”, azaldu dute Aixerrotapekoek.
“Herriarentzako ekintzak dira, eta azken urteetan zeresana eragin dute. Lumoko bidea ikuslez bete da, eta hori mantenduz jarraitu gura dugu. Egun polita izaten da, arratsalde polita pasatzeko aukera”, diote.
Elkartasunezko martxa txikia egingo dute domekan, eta ordubete inguruko iraupena ziango du. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte, eta janari bilketa egingo dute. Batutakoa Gurutze Gorriari laguntzeko bideratuko dutela aitatu dute antolatzaileek. Hori dela eta, familia bakoitzak elkartasuna adierazteko janaria eramateko aukera izango du.
Bizikleta Asteko ekintzarik jendetsuena izaten da martxa txikia, izan ere, 500 pertsona inguru batzera ailegatu dira. “200 familiatik gorak parte hartu ohi izan dute. Ez dakigu domekan zenbat jende etorriko den, baina herritarrei bertaratzeko deia egin gura diegu, herriari pare bat buelta emateko”, esan dute. Zarata ateratzea da helburua, “erakustea Gernikatik bizikletan ere ibili daitekeela”. Lehenago, baina, Gynkana egingo dute Pasealekuan.
Egitaraua.
Zapatua, irailak 24.
09:00. Lagunarteko errepideko bizikleta irteera.
16:30. IV. Gaztetxoen Lumoko Kronoigoera, Pasealekuan hasita.
18:00. Lagunarteko Lumoko kronoigoera, Pasealekuan hasita.
Domeka, irailak 25.
10:30. Umeentzako Gynkana Pasealekuan.
12:00. Martxa txikia Gernikatik.