Denetariko kultur eskaintza edukiko dute eatarrek
Eako Udalak 2022-2023 udal ikastaroak zeintzuk izango diren aditzera eman du. Kirola eta hizkuntzak izango dira nagusi. Izena emateko epea gaurtik hilaren 26ra artekoa da.
Eako Udalak 2022-2033rako udal ikastaroak zeintzuk izango diren plazaratu du. Hainbat kirol nahiz kultur jarduera izango dituzte eskuragarri eatarrek aste barruan egiteko: Sei Tai, yoga, ingeles ikastaroak, pilates, eskalada, gimnasia, entrenamendu funtzionala, saloi dantza, zumba eta euskara ikastaroak.
Sei Tai martitzenetan egingo dute, 17:00ak eta 18:00ak bitartean, Natxituko bolatokian. Yoga ikastaroa astelehen zein martitzenetan egingo dute, 19:00ak eta 20:00ak artean. Ingeles ikastaroak, aldiz, martitzenetan izango dira: haurrenak, 17:30etik 18:30era; nagusienak, 18:30etik 19:30era. Pilatesari dagokionez, martitzen zein eguenetan egingo dute, 10:00etatik 11:00etara. Eskalada astean egun bakarrez egingo dute, eta saloi dantza nahiz entrenamendu funtzionala, ostera, asteko bi orduz. Gimnasia astelehen eta martitzenetan egingo dute, 09:30etik 10:30era artean. Azkenik, zumba martitzen eta eguenetako egingo dute, 10:00etatik 11:00etara, eta euskara ikastaroetarako ordutegia oraindik zehazteko dago.
Jarduera guztietarako kuotak 2023ko urtarrilean eguneratu egingo direla aurreratu dute Eako Udaletik, baina jadanik behin-behineko prezioak publiko egin dituzte. Kirol ikastaroenak ondorengoak izango dira: astean egun batez egitearren, erroldatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta erroldako bakoek, ostera, 25 euro; astean egun bitan parte hartzeagatik, hurrenez hurren, 20 eta 30 euro ordaindu beharko dira. Hizkuntz ikastaroetan astean egun batez parte hartzearren, erroldatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta erroldatuta ez daudenek, berriz, 20 euro.
Izena emateko epea irailaren 15etik 26ra bitartekoa da, egun bi horiek barne. Eako udaletxera edota udala.ea@bizkaia.eus helbide elektronikora jota apuntatu daiteke.