Bermeok Europako Triatloi Txapelketako proba bat hartuko du
Irailaren 17tik 24ra bitartean lehiatuko dute, Bizkaiko hainbat herritan, Europako Triatloi Txapelketa. Diziplina anitzeko ekitaldia izango da, eta hilaren 22an Bermeon lehiatuko dute etapetako bat. Bermeokoa triatloi kros modalitatekoa izango da.
Datorren astean zehar, Bizkaiko hainbat udalerritan Europako Triatloi Txapelketa lehiatuko dute. Irailaren 17a eta 24a bitartean, Bilbo, Balmaseda, Bermeo, Portugalete nahiz Getxo izango dira Europako triatletarik puntakoenak elkartuko dituzten herriak. Gainera, txapelketa diziplina anitzekoa izango da, hau da, triatloi modalitate desberdinak bat lehiatuko dituzte: duatloia, kros duatloia, akuatloia, kros triatloia, aquabike-a eta distantzia ertaineko triatloia.
Bermeoko proba datorren eguenean, irailaren 22an, izango da; kros triatloia izango da Bermeon lehiatuko duten modalitatea. Diziplina horrek, hain zuzen ere, igeriketa, trail korrikaldia eta mendi bizikleta trantsizioa barnebiltzen ditu. Bermeoko etapan 293 parte hartzaile ariko dira zein baino zein gehiago. Txapelketak, aldiz, 2.942 kirolariko parte hartzea edukiko du bere osotasunean, ondorengo kategorietan banatuta: eliteak, 23 urtez azpikoak, gazteak, paratriatloia, adin taldeak eta OPEN proba.
Parte hartzerik mardulena izango duen etapa Bilbokoa izango da, duatloi lasterketa: 850 duatletak lehiatuko dute. Erresuma Batuak edukiko du kirolari ordezkaritzarik potoloena: 1.345 lagun. Horiez gain, 112 frantziar, 102 alemaniar, 69 italiar, 68 portugaldar eta 942 espainiar ariko dira.
Aburto: “Txapelketa egitearen ideia pandemia sasoian bete-betean sartuta geundela jaio zen”
Atzo aurkeztu zituzten, Bilbon, Europako Txapelketako nondik norakoak. Aurkezpen agerraldian Bilboko alkatea Juan Mari Aburto, parte hartuko duten udalerrietako alkateak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko sailburu Ainara Basurko, Espainiako Triatloi Federazioko lehendakari Jose Hidalgo, lehiaketako zuzendari tekniko Jorge Garcia eta Europako Triatloi Federazioko lehendakariorde Chris Kitchen.
Txapelketak iraungo duen astebetean, 8.000 pertsona baino gehiago bilduko dituela eta Bizkaian 10.000.000 euroko etekina utziko duela adierazi zuten. Era berean, kirolagaz batera, lehiaketak aisialdia, gastronomia eta turismoa “modu sendoan” bultzatuko dituela azaldu zuten ordezkariek.
“Nortasunaren erakuslea”. Aurkezpen ekitaldian, Aburtok argitu zuen txapelketa egitearen ideia “pandemia sasoian bete-betean sartuta zeudela” jaio zela, eta ordutik “aparteko taldelana” egon dela antolatzaileen eta udalerrien artean. “Triatloiaren arloan egingo den munduko ekitaldirik jendetsuena izango da, eta horrek agerian uzten du benetako susperraldia bizi dugula”, adierazi zuen Aburtok.
Abaroa: “Europako Triatloi Txapelketako proba bat hartzea oso garrantzitsua izango da bai Bermeorentzat, bai Busturialdearentzat”
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak azaldu zuen Bermen lehiatuko den probak “esangura handia” edukiko duela: “Benetan garrantzitsua izango da bai Bermeorentzat, bai Busturialdearentzat”. Gainera, datorren egueneko kirol ekitaldiak Bermeoko Udalak zehazturiko helburu estrategikoekin “bete-betean” bat egiten duela adierazi zuen Abaroak: “Bizimodu osasungarria eta kirolaren balioak bultzatzeari esangura handia ematen diogu, eta ekitaldi hori horren adierazgarri fina izango dela uste dugu”.
Beste alde batetik, alkateak nabarmendu zuen Europako Triatloi Txapelketako Bermeoko etapa “tokiko nortasunaren erakuslea” izango dela, eta “hiru ardatz nagusiak” bilduko dituela, alegia, kirola, kultura eta gastronomia.