Berdinketa bigaz abiatu du denboraldia Gernika SDk
Cirbonero eta Brearen kontrako partiduekin hasi du Gernika SDk aurtengo denboraldia. Bi berdinketa lortu dituzte lehen bi zitetan. Lantalde berrituagaz, 'motibatuta' ageri dira jokalariak. Helburua sailkapeneko lehen lau postuetan amaitzea eta playoffak jokatzea izango da.
Gernika SD taldeak 2022-2023 denboraldia abian ipini du. Jadanik jokatu dituzte RFEF 2. mailako aurtengo lehendabiziko bi norgehiagokak, eta bietan 1-1eko berdinketa lortu dute. Gernika SDko kapitain Koldo Berasaluze “denboraldia hastearren gogotsu eta ilusioagaz” agertu da, “aldaketa askoko garaia” izan arren. Taldeak, hain zuzen ere, entrenatzailez, bigarren entrenatzailez eta hainbat jokalariz aldatu du. Aurredenboraldia izan da lantaldea aldaketotara doitzeko sasoia, Berasaluzeren arabera: “Aurredenboraldian egindako lan guztiagaz oso pozik gaude, sentsazioak lagun eduki ditugu, baina lehen partiduetan punturen bat edo gehiago lortzea espero genuen”.
Hain zuzen, ligako lehen partidua duela bi asteburu eduki zuten Cintruenigoko Cirbonero taldearen kontra. Ez zen zita erraza izan Aitor Larrazabal eta Gorka Iraizozen jokalarientzat, kapitainaren ustez: “Hango zelaia txiki samarra zen eta egundoko beroa izan genuen; galtzen hasi ginen, baina berdintzea lortu genuen. Oro har, nahiko asebeteta geratu ginen hango markagailuagaz, taldea martxan ipini berri baitzegoen”.
Ligako bigarren partidua etxean, Urbietan, jokatu zuten joan den asteburuan, Brea talde aragoitarraren kontra; hori ere 1-1eko berdinketagaz amaitu zuten. Norgehiagoka okerreko bidetik hasi zuten, gainera: “Gure atean gola sartu genuen, baina jarraian berdintzea lortu genuen; bigarren zatian, partidua eskuratzeko aukera pila bat eduki genuen, baina ez ginen gai izan. Hortaz, bigarren berdinketa hori ez genuen ontzat jo“.
Iaz baino hobeto. Lantalde aldaketaren ondoren, Berasaluzek adierazi du taldea bai erasoan, bai defentsa lanetan “iaz baino hobeto landuta” dagoela. Indargune nagusia, azaldu duenez, baloiaren jabetza da: “Uneoro baloiaren jabe izan gura dugu, horretarako borroka egiten dugu; behin baloia galduta, ahalegin handiagoa egiten dugu hura berreskuratzeko, eta horrek guztiok kontzentrazio maila oso ona lortzea dakar”.
Aurtengo denboraldirako helburua sailkapenean “ahalik eta goren” amaitzea izango da: “Partidu denetan gure mailarik onena eman gura dugu, eta gure burua lehiakor ikusi. Horrez gain, azken jardunaldietan taulako lehen lauretan egon gura dugu, playoffen lehian sartu ahal izateko”. RFEF 1. mailara salto egitea ere ez du baztertzen Berasaluzek: “Talde ugari ez dugu oraindik ezagutzen, gure multzoa aldatu egin baita aurten, baina mailaz igotzeko aukera dugula esango nuke; hori bai, goian mantentzea eginbehar gaitzagoa izango litzateke”.
Gernika SDren hurrengo partidua zapatuan izango da, kanpoan, Arnedoren aurka. Hurrengo astean, aldiz, Urbietan hartuko dute Racing Rioja. Bien bitartean, Berasaluzek ikusleei “Urbietara hurreratzeko deialdia” luzatu die: “Guztion bultzada eta babesa beharko dugu, guretzat oso garrantzitsua da”.