30.000 bisitari ingurugaz, pandemia aurreko bisitari kopurua gainditu dute foru museoek
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museo eta ondare espazioek % 20 gainditu dituzte pandemia-aurreko datuak udan. Errekalde Aretoaren atzetik, Bermeoko Arrantzaleen Museoa izan da bisitarien hazkunde gehien igarri duena: 4.650 bisitari zenbatu dituzte.
30.000 pertsona inguruk bisitatu dituzte, uztailean eta abuztuan, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museo eta kultur ondareguneek; tartean daude Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria Museoa eta Santimamiñe. Datu horiek kontutan hartuta, 2019an baino ia 6.000 pertsona gehiagok bisitatu dituzte ondareguneak, eta % 20 hasi da bertaratutakoen koputua.
Errekalde Aretoaren atzetik, Bermeoko Arrantzaleen Museoa izan da bisitarien hazkunde gehien igarri duena, izan ere, 2019an baino 1.800 bisitari gehiago erregistratu dituzte; uda honetan, hain zuzen ere, guztira 4.650 bisitari izan ditu Bermeoko museoak.
Datu “bikainak” direla azpimarratu dute museoetako ordezkariek, baina nabarmendu dute programazioa osatzearen ondorioa izan dela “arrakasta” hori, horrek posible egin baitu ondarea bizkaitarrei eta Bizkaia bisitatzen duten guztiei hurbiltzea. Era horretan, adierazi dute museoek erakusleiho “onenetan” eskaini dutela euskaldunen historia, ohiturak, hizkuntza eta beste hainbat kontu ezagutzeko aukera. “Hala betetzen da lurraldearen identitatea herritarrei ikuspegi desberdinetik erakusteko helburua”, azaldu dute.
Museo eta aretoek prestatutako programak askotariko jarduerak jarri ditu berriro jendearen eskura, hala nola kontzertuak, lantegiak, bisita gidatuak, artistekin egindako topaketak… “Gero eta pertsona gehiago erakartzen dituen eskaintza erakargarria, askotarikoa eta kalitatekoa da”, azpimarratu dute arduradunek.
Aurten, Omako basoko bisita gidatuak gehitu zaizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren eskaintza kulturalari, eta, “oso harrera ona” izan duela adierazi dute. Guztira 955 pertsona bertaratu dira Omako Basoa margotzeko lanak ezagutzera, pintaketa prozesuan parte hartzen ari diren gidarien eskutik. Bisita horiek domekara arte daude programatuta, eta edukiera dagoeneko bete da. Egun horretatik aurrera, ezin izango da basoan sartu 2023ko udan berriro irekitzen den arte.
Bisitarien jatorriari dagokionez, foru museoetara Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Espainiar estatuko hainbat hiritako pertsonak joan dira, baita, besteak beste, Frantzia, Italia, Alemania, Asia, Afrika, Ozeania, Ipar Amerika, Hego Amerika edo Erdialdeko Amerikakoak ere.
Programazioak aurrera.
Foru museoek jarraitzen dute askotariko programazioa eskaintzen. Arrantzaleen Museoak ikusgai jarri du Izaro: Natura eta Historia erakusketa eta Gernikako Euskal Herria Museoak Mairin Mitchell euskaldunen kronikari irlandarraren erakusketa edukitzen jarraitzen du.