Gernika RTri Ohorezko Mailari eusteko bidea zabaldu zaio
Kirol Auzitegi Administratiboak onartu egin du Gernika Rugby Taldeak aurkezturiko helegitea, eta, beraz, Ohorezko Mailako talde izateko aukerak dituzte oraindik. Auzia Espainiako Errugbi Federazioaren eskuetan dago orain, eta hamar egun inguruko epean plazaratuko du ebazpena.
Gernika Rugby Taldeari datorren denboraldian Ohorezko Mailan jokatzen jarraitzeko borroka asko argitu zaio. Goreneko mailan segitzeko aukerak agortuta zituztela zirudienean, Kirol Auzitegi Administratiboak onartu egin du Alcobendasen bidegabeko alineazioagatik egin zuten helegitea. Horrenbestez, Espainiako Errugbi Federazioaren eskuetara pasatuko da Ohorezko Mailari eusteko auzia. Federazioa, hain zuzen ere, zuzendaritza taldez aldatu berri dago, eta badirudi urratsak egin gura dituztela auziaren konponketara begira, taldetik adierazi dutenaren arabera. Aurten, gainera, taldeko ordezkaritza federazioko lantaldean sartu izana erre aurrerapausoa da. Azken erabakia, gutxi gorabehera, hamar eguneko epean ebaztea aurreikusten dute basurdeek.
Gernika Rugby Taldea denboraldi osoan zehar borrokatzen ibili da Ohorezko Mailan eustearren. Azken partiduetan asko zaildu zitzaien salbazioaren helburua; hain zuzen, matematikoki kanporatuta geratu ziren. Dena dela, Alcobendasen aurka jokatutako partiduaren ondoren su guztiak piztu ziren: Gavin Van den Berg Alcobendaseko jokalari hegoafrikarraren kasua azaleratu zen. Eduardo Maidagan entrenatzaileak azaldutakoaren arabera, Espainiako Ohorezko Mailan jokatzeko, gutxienez, formazioko sei jokalari izan behar dituzte taldeek. Formazioko jokalaria izateak, era berean, zenbait baldintza dakartza beregain: aurrekari espainiarrak izatea; 36 hilabetez, gutxienez, Espainian bizitzea; eta 60 egun baino gehiago atzerrian ez egitea. Van den Bergek egun muga hori gainditu egin zuen, eta hortxe hasi zen salaketaren muina.
Errumaniako eta Portugaleko federazioak izan ziren kargutzen lehenak, Van den Berg Espainiako selekzioagaz jokatzen zegoenean; ikertzen hasi, eta jokalariaren dokumentazioa faltsututa zegoela ezagutu zuten. Ondorioz, Espainiako selekzioari partiduetako puntuak kendu zitzaizkion, eta horrek Munduko Txapelketatik kanpo utzi zuen. Gernika RTk prozedura berbera ipini zuen abian, baina Espainiako Federaziotik adierazi zieten helegitea aurkezteko garaiz kanpo zeudela. Taldetik ondorengoa azaldu dute, horren harira: “Federaziokoek esan ziguten horrelako helegitea aurkezteko epea partidua amaitu eta ondorengo 48 orduak direla eta, beraz, sasoiz kanpo genbiltzala. Guk, geure aldetik, faltsutze horren berririk ez genuela argitu genien eta, ondorioz, helegitea goizago aurkeztea ezinezko genuela, kasuaren berri izan arte”.
Federazioaren ezezkoaren ostean, Gernika RTk Kirol Auzitegi Administratibora jo zuen, eta auzitegi horrek, azterketa bat egin ondoren, arrazoia eman dio talde gernika-lumotarrari. Hortaz, Espainiako Federazioa orain “behartuta” dago kasua berraztertzera. Horrez gain, federazioak zuzendaritza taldez aldatu izana “onuragarria” da basurdeentzat, “horrelako kasuak ahalik eta azkarren konpontzeko borondatea agertu baitute”.
Matematiken pentsura. Gernika RTtik argitu dute Alcobendas, Van Den Berg hegoafrikarragaz jokatutako partiduetako puntuak baliogabeztatuz gero, sailkapeneko azkena izango litzatekeela. Hori dela eta, Gernika-Lumoko taldeak datorren denboraldian Ohorezko Mailako taldea izaten jarraitu beharko luke. Taldetik adierazi dute epaiaren ebazpenak “astebete eta hamar egun bitartean” iraungo duela. Beraz, sasoiz ibiliko lirateke urrian hasiko den liga jokatzeko.