San Antolin eguna jai giroan ospatzen ari dira Gautegiz Arteagan
Ohiko ekitaldiek hartuko dute aurten Gautegiz Arteaga. Hasi dira sanantolinak, eta santuaren eguna giro bikainean ospatzen ari dira herritarrak.
San Antolin ermitatik plazarainoko bidea osatu dute kalejiran gautegiz arteagarrek. Eskuak elkarri lotuta, irribarra aurpegian dutela, eta kantatzeko eta ondo pasatzeko gogoz erdigunera arteko bidea egin dute, tarteko bidean geldialdiak eginez eta euskal dantzak dantzatzeko tartea hartuz.
Plazara heltzerakoan, baina, jaia ez da gelditu, eta apar artean murgiltzeko aukera izan dute bizilagunek. Gogotsu hasi dute San Antolin eguna. “Bi urteren ostean, ailegatu dira gautegiz arteagarrontzako garrantzitsuak diren herriko jaiak. Ondo pasatzeko ordua da, kalera atera eta gozatzekoa”, adierazi du udalerriko alkate Juan Felix Naberanek.
Ohiturari jarraituz antolatutako jaiak dira aurtengoak; ondorioz, frontoiko esku pilota partiduez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Emakumezkoen partiduan, Arrizabalagak eta Anituak osatutako bikoteak Beitia eta Gaminde izango ditu aurkari, eta, gizonezkoetan, Bakaikoa eta Morgaetxebarria Larrazabal eta Uriondoren aurka ariko dira nor baino nor gehiago.
Biharkoa, berriz, egun handia izango da herritarrentzat. Parte hartze handia izaten duen tortilla txapelketak hartuko du parkea, eta 12:00ak aurretik izena eman beharko dute parte hartzaileek. Ohi legez, udalak mahaiak eta aulkiak banatuko ditu parte hartzaile guztien artean. “Herri osoa batzen da plazan, koadrillan edo familiagaz, eta giro aparte sortzen da. Egun handia da guretzat”, dio alkateak.
Bihar arratsaldean, berriz, mozorro lehiaketan eta desfilean batuko dira, haur, gazte eta helduak eta euren Far West giroko mozorrorik onenak erakutsiko dituzte jendaurrean. Izan ere, antolatzaileek herritarrei mozorrotuta bertaratzeko deia egin diete, “egun handia borobiltzeko”.
Herri kirolen erakustaldiaren tradizioak zale eta kuriosoen arreta piztuko du, eta, ondoren, Artie Dantza Taldearen erakustaldiagaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Aipagarria da, baita, Aukeran dantza taldeak eskainiko duen dantza ikuskizuna, izan ere, euskal dantzak dantza modernoekin uztartzen dituzte. Jaiak agurtzeko, Ut! taldearen kontzertua egongo da plazan: 70eko eta 80ko hamarkadetako euskal musikaren bertsioak eskainiko dituzte.
Herri txikian jai handiak egiten direla erakutsi dute gaur gautegiz arteagarrek, eta asteburuan hala jarraitzeko asmoa dutela argi utzi dute.
EGITARAUA
Gaur. Antolin Deunaren Eguna.
18:00. Esku pilota partiduak.
21:00. Kontzertua: Txoriburu produktions.
Ostean. Erromeria Joseinarekin.
Bihar, zapatua. Tabernazarre eguna.
12:00. Tortilla txapelketan izen ematea.
Ostean. Puzgarriak eta jokoak gaztetxo eta ez hain gaztetxoentzat.
14:00. Tortillen aurkezpena.
Ostean. Herri bazkaria.
17:30. Erromeria goizaldera arte: Dantzatzeko prest eta Oihan Vega.
20:00. Gau tematikoa: Far West. Haur, gaztetxo eta nagusien mozorro desfilea.
Etzi, domeka.
11:00. Umeen jolasak.
13:00. Bizkaiko lokotx biltze txapelketa eta herri kirolak.
20:00. Dantza ikuskizun saioa Aukeran taldeagaz.
21:30. Euskal musika kontzertua Ut! taldeagaz.