"Beti hartu dut oso serio bermeotarron izen ona zabaltzeko ardura"
Urdaibai arduratuko da Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emateaz. Harrotasunez zabaldu du Bermeoren izena nazioartekoan, eta onartu du «ohorea» dela pregoia botatzea.
Julen Urdaibai distantzia luzeetan espezialista den korrikalari bermeotarra igoko da udaletxeko balkoira irailaren 7an, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emango dien pregoia jaurtitzeko. «Kirolaren aurrean duen filosofia, aurten irabazitako Ice Ultra lasterketa eta Bermeoren izena munduan harrotasunez zabaltzea izan dira bera aukeratzeko arrazoi nagusiak», adierazi du Alazne Zumeta Bermeoko Kultura zinegotziak. Ezustekoa izan da gonbidapena Urdaibairentzat, baina pregoia botatzea «ohorea» dela onartu du.
Zelan hartu duzu pregoilaria izateko gonbidapena?
Martitzenean deitu zidaten, eta ezustekoa eraman nuen. Ohore handi bat da niretzat, bermeotar modura, bermeotarrei jaien hasierako sarrera ematea. Aukera hori izatea oso garrantzitsua da niretzat. Lehenengo momentuko ezustekoaren ostean, ohore eta gauza handi modura hartu dut pregoia jaurtitzeko gonbidapena. Bermeon jende asko dago gauza oso interesgarriak eta garrantzitsuak egiten ari dena. Beraz, arduradunei eskerrak eman gura dizkiet nigaz akordatzearren eta gonbidapena niri egitearren.
Imajinatu duzu zure burua udaletxeko balkoian?
Pregoia botatzear nagoenean ez dakit zer sentituko dudan, momentu horretan bertan ikusiko eta sentituko dut zer den udaletxeko balkoian egotea, zer den herritarrak jaiak hasteko gogoz ikustea. Bi urteren ostean, ziur nago jendea gogotsu egongo dela, jaiak hasteko eta ni isiltzeko desiatzen.
Oraindik arin bada ere, badakizu ze mezu zabalduko duzun mikrofonotik?
Gutxi gorabehera badakit nondik joko dudan. Kirolaren –egiten dudanaren– eta jaien arteko lotura egitea ez da erraza izan. Kontrako bi errealitate direla pentsa dezakegu, baina bestelako beste mezu bat zabalduko dut. Jaietan ondo pasatzeko deia transmitituko dut, baita kirola egiteko tarteren bat beti hartu behar dela adierazi ere. Gainera, bermeotar modura bermeotarra izatea niretzat zer den esan gura diet herritarrei. Urte hauetan guztietan, hemendik kanpo ibili naizenean, emaitza onak ateratzea eta nire burua mugan jartzea izan da nire helburuak beti, baina beti hartu dut oso serio bermeotarron eta euskaldunon izen ona zabaltzeko ardura. Arduratsu jokatzen dut, oso serio hartzen dut bermeotarren izen ona transmititzeko ohorea. Kanpora noanean, bermeotarrak eta euskaldunak jendeak pertsona on modura gogoratzea bilatzen dut, laguntzeko prest gaudela adieraztea. Nire irudia gu garen horregaz lotzea nahi dut. Leku asko ezagutu ditut nazioartean, baina niretzat ez dago gure herria lakorik, ez bermotarron modukorik.
Kirola egiterakoan irabaztea ez dela garrantzitsuena ere zabaldu ohi duzu.
Emaitza on bat edo sailkapeneko postu bat ez da nire helburu nagusia izaten, bigarren edo hirugarren mailako helburua baizik. Nire asmoa beti da bera: nire gorputza leku desberdinetan muga-mugan jartzea, leku desberdinetan korrika egiteko gai naizela ikustea. Inoiz ez dut lehiatu irabazteko, nik nire lasterketak egiten ditut, daukadan guztia ematen dut, eta kitto. Lasterketak oso luzeak izaten dira, kilometro askokoak, eta egoera gogorretan. Emaitzak gauza askoren menpe daude.
Pregoilari modura aukeratzeratzea lorpen horiekiko aitortza ere bada.
Emaitza onak lortu ditut, egia da, baina ez ditut horiek bilatu. Dena ematen dut beti, eta uste dut esfortzu hori balioan jarri gura izan dutela.
Zelan biziko dituzu jaiak?
Ez naiz batere parrandazalea, urteekin sosotu egin naiz. Hala ere, beti dago momenturen bat buelta bat emateko, giroa ikusteko eta ondo pasatzeko. Ez dut uste parranda asko egingo dudanik, baina giroa ikustea asko gustatzen zait. Arrantzale Eguna izaten da egun handia, oso polita. Sukalki Eguna ere polita izaten da Talan, baita Andra Mari eguna ere. Jaitsiera ikustea asko gustatzen zait.