Badatoz sanantolinak Gautegiz Arteaga girotzera

Ohiko ekitaldiek hartuko dute aurten Gautegiz Arteaga: pilota partiduek, tortilla txapelketak, mozorro egunak, eta San Antolin ermitako ospakizunak, besteren artean.

San Bartolome jaien lekukoa hartuko dute eguenean San Antolin festek. Herri txikian jai handiak egiten dituztela erakutsiko dute, beste behin, gautegiz arteagarrek, eta jaiak hasteko gogotsu daude. Ohiko ekitaldiek hartuko dute  aurten Gautegiz Arteaga: pilota partiduek, tortilla txapelketak, mozorro egunak, eta San Antolin ermitako ospakizunak, besteren artean.

Jaien egutegia eguenean hasiko da, San Antolin bezperan, Artie Dantza Taldearen eskutik; izan ere, dantza herrikoien erakustaldia eskainiko dute iluntzean.

Santuaren egunean, berriz, udalerrian tradizioa den ermitarako igoera egingo dute, eta erromeriaren ostean, kalejiran jaitsiko dira herriko plazara. Ohiturari jarraituz, haur eta nagusiak apar jaian bustiko dira, gero. Arratsaldean, esku pilota partiduen txanda izango da frontoian. Emakumezkoen partiduan, Arrizabalagak eta Anituak osatutako bikoteak Beitia eta Gaminde izango ditu aurkari, eta gizonezkoetan, Bakaikoa eta Morgaetxebarria Larrazabal eta Uriondoren aurka ariko dira nor baino nor gehiago.
 
Herritarren parte hartze handia duen tortilla txapelketak beteko du Gautegiz Arteaga zapatuan. “Herri osoa batzen da plazan, koadrillan edo familiagaz, eta giro aparta sortzen da. Egun handia da guretzat”, azaldu du Juan Felix Naberan udalerriko alkateak. Zehaztu du tortilla txapelketan parte hartzeko izen ematea 12:00ak aurretik egin beharko dela. Ohi legez, udalak mahaiak eta aulkiak banatuko ditu parte hartzaile guztien artean.
 
Arratsaldean, berriz, mozorro lehiaketa eta desfilea egingo dira, gazte eta helduentzat, eta aurtengo gai nagusia Far West izango da. Antolatzaileek herritarrei mozorrotuta bertaratzeko deia egin diete, “egun handia borobiltzeko”.
 
Domekan, herri kirolen erakustaldiaren tradizioak zale eta kuriosoen gozamena ekarriko du. Eta, ondoren, Artie Dantza Taldearen erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Eta jaiei amaiera emateko, gauean, Ut! taldearen kontzertua egongo da; 70eko eta 80ko euskal musikaren bertsioak eskainiko dituzte, giroa alaitzeko.
 
Naberanek nabarmendu du San Antolinak udalerriko “festa handiak” direla, eta giro ona nagusitzen dela: “Udaletik herritarrak animatzen ditugu alaitasunaz gozatzera eta euren mozorroak eta tortilla gozoen errezetak prestatzera”.

EGITARAUA
Bihar, eguena. Bezperada.
20:00. Dantza saioa Artie Dantza taldearen eskutik.
Ostean. Txupinazoa.
21:00. Trikipoteoa EinGo taldeagaz.

Etzi, barikua. Antolin Deunaren Eguna.
11:00. Elkarregaz Antolin Deunaren ermitara.
12:00. Meza.
14:00. Jaitsiera eta kalejira.
Ostean. Apar jaia.
15:00. Triki erromeria.
18:00. Esku pilota partiduak.
21:00. Kontzertua: Txoriburu produktions.
Ostean. Erromeria Joseinarekin.

Irailak 3, zapatua. Tabernazarre eguna.
12:00. Tortilla txapelketan izen ematea.
Ostean. Puzgarriak eta jokoak gaztetxo eta ez hain gaztetxoentzat.
14:00. Tortillen aurkezpena.
Ostean. Herri bazkaria.
17:30. Erromeria goizaldera arte: Dantzatzeko prest eta Oihan Vega.
20:00. Gau tematikoa: Far West. Haur, gaztetxo eta nagusien mozorro desfilea.

Irailak 4, domeka.
11:00. Umeen jolasak.
13:00. Bizkaiko lokotx biltze txapelketa eta herri kirolak.
20:00. Dantza ikuskizun saioa Aukeran taldeagaz.
21:30. Euskal musika kontzertua Ut! taldeagaz.