Pandemiaren ondorioz, 71 familia gehiagok jaso dute Gizarte Larrialdietako Laguntza zerbitzua
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten 19 udalerritako datuen arabera, 2019an baino 71 familia gehiagok eskatu zuten iaz Gizarte Larrialdeietako Laguntza zerbitzua. Erakundea osatzen duten udalerrietako biztanleen %20,85ak eduki zuen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako espedientea irekita 2021ean.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen helburua da autonomia pertsonala galdu duten edo hura galtzeko arriskuan dauden pertsonen beharrizanei erantzuna ematea, baita babesik barik edo gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan daudenen eta horien familien gizarteratzea sustatzea ere. Eta, mankomunitatean laguntza aktiboren bat duen familia unitate kopurua kontuan hartuta, erakundea osatzen duten eskualdeko 19 udalerrietako –guztiak, Bermeo salbu– biztanleen %20,85ak eduki zuen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako espedientea indarrean 2021ean, 6.168 pertsonak guztira; zehaztu dute, pertsona horietatik 512 berriak izan ziren.
Gizarte Larrialdietako Laguntzen arloan eman da eskaeren igoerarik nabarmena azken urteetan. Oinarrizkoak diren gastu zehatz batzuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituztenei banatzen zaizkien laguntasun ekonomikoak dira horiek. 307 bizikidetza unitatek jaso zuten iaz diru laguntza hau, pandemia aurretik baino 71 familia gehiagok; izan ere, 2019an, 230 bizikidetza unitate izan ziren. “Pandemia aurreko datuekin alderatuta, igoera handia eduki dugu eskabideetan”, adierazi du Nerea Llantanda mankomunitateko teknikariak. Zehaztu du, iaz, Jaurlaritzak emandako diru sailean ez zela laguntza hori eskaintzeko nahikoa diru egon, eta mankomunitateko aurrekontutik hartu zutela behar zena. “Herritarrei laguntzeko konprimisoa daukagu, eta laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten guztiei laguntza emateko ahalegina egin dugu. Denek jaso dute”, esan du teknikariak. Hain zuzen ere, laguntzen aurrekontua 425.091,35 eurotakoa izan zen, eta laguntza gehienak alokairua ordaintzera bideratuta egon ziren, % 45.
Pertsona nagusien arloan, nabarmenena da etxez etxeko zerbitzua. “Hori da mankomunitateko zerbitzu nagusienetako bat”, diote. Etxerik etxe joaten dira langileak menpekotasuna dutenei arreta pertsonala eskaintzera, eta iaz 179 zerbitzu izan zituzten. “Zerbitzu honen azken urteetako eboluzioa nahiko parekidea izan da”, dio Llantadak.
Pertsona nagusiek bideratutako eskariak, berriz, 397 izan zirela argitu dute mankomunitateko kideek: eskabide horien bitartez, pertsona horiek eskubidea dute hainbat zerbitzu jasotzeko. Laguntza teknikoen zerbitzua, esateralp. 53 aldiz eskatu zuten nagusiek, eta Eusko Jaurlaritzako Telelaguntza zerbitzua 848 pertsonek izan zuten aktibo; 171 eskabide bideratu zituzten mankomunitateak.
Gurutze Gorriarekin hitzarmena dauka mankomunitateak, eta horren bitartez, esku hartze soziala eta aholkularitza programa lantzen dituzte. Esku hartze soziala zaurgarritasun egoeran dauden familiei zuzenduta dago, eta, esaterako, 616 familia lagundu zituzten elikagaien banaketan. Eskolako materiala 81 familiak jaso zuten, eta jostailuak, berriz, 86k.
Menpoekotasuna dutenei begira, hurbiltasun eta aholkularitza programa ere badute, Gurutze Gorriaren bitartez egiten dutena, eta zerbitzu horretan 67 esku hartze egon ziren iaz. Adinekoentzako ikastaroak ere egin zituzten, eta horietan 58 parte hartzaile egon ziren: zahartze aktiboa bultzatu zuten. “Nabarmentzekoa da guzti honetan boluntario talde bat dagoela lanean”, adierazi dute.
Haurtzaro eta familia arloan, berriz, programa desberdinak gauzatu zituzten, eta 70 familiak parte hartu zuten.
Immigrazio zerbitzuan, 2021ean, 1.518 kontsulta izan ziren atzerritartasunari buruzko oinarrizko informazioari buruz. Zerbitzutik antoltutako sentsiboilizazio programa desberdinetan, berriz, 96 pertsonak hartu zuten parte.
Gizarte zerbitzuen erabiltzialeentzako Lege Aholkularitza zerbitzuan, berriz, 353 kontsulta hartu zituzten. “Emakumeentzako lege aholkularitza zerbitzu modura sortu zen zerbitzua, banaketa edota genero indarkeria kasuetan aholkatu ahal izateko. Urteekin, baina, zerbitzua zabaldu dugu, eta emakumeentzako arlo espezifiko horretaz gain, gizarte zerbitzuekin zerikusia duten gaiak lantzen ditugu. Informazioa eta aholkularitza ematen ditugu, ez dugu abokatu lana egiten”, zehaztu du Llantadak.
Haur eta gazteen arrisku jokabideei aurre egiteko antolatutako ekintzak egiten dituzte prebentzio komunitarioan, eta, horretarako, ume eta gazteekin zuzenean lan egin dute: 484 ikaslek parte hartu zuten, eta guraso eta irakasleekin egindako lan saioetan, berriz, 94 pertsonak.
Horrez gain, zerbitzu honen bitartez, Adikzioen Tokiko Plana burutu eta onartu dute mankomunitateko batzar orokorrean. Horretarkao, 12 eztabaida talde antolatu zituzten eta 60 pertsonek parte hartu zuten; parte hartzaileak esparru ezberdinetako eragileak izan ziren.
Adikzioen Tokiko Plana.
Hurrengo lau urteetarako Adikzioen Prebentziorako Lehenengo Plana jarri du martxan Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eta plan horrek osasun eta adikzioen arloan familia, hezkuntza eta eremu komunitarioan burutuko diren ekintza eta programa ezberdinak batzen ditu. Izan ere, biztanleri hartzailearen beharrizan eta kezkak kontuan hartuta sortu dute: adingabe eta gazteak, gurasoak, irakaslegoa, udal ordezkariak, hezkuntza, osasuna eta kultura. “Jokabide osasungarriak sustatu eta babes faktoreak indartzea da helburua, arrisku faktoeen eragina gutxitzeko”.
Hori dela eta, uda honetarako bi egitasmo prestatu dituzte, Foruan eta Gernika-Lumon garatzeko. Alkoholaren kontsumorako sentsibilizazio kanpaina egingo dute uztailaren 30ean Foruko txosna gunean, 22:00etatik 01:30era bitartean. “Alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta mozkorraldiak murriztu, jarrera oldarkorrak eta arriskutsuak txikitu eta pertsonen autokontrola sustatzea izango ditugu helburu”, arrazoitu dute, eta zehaztu dute saioa dinamizatuko dituzten profesionalak gizarte arloko eta mendekotasunen arloan formakuntza eta esperientzia zabala duten langileak izango direla.
Gernika-Lumon, berriz, testing zerbitzua jarriko dute abuztuaren 14an, 00:00etatik 03:00etara, Saraspen. Droga ezberdinen azterketa, informazio zerbitzua eta materiala eskainiko da bertan, kontsumo ezberdinekin zerikusia izan ahal duten arriskuak murrizteko. Kontsumitzaile zein gaiarekiko interesa duen edozein pertsonari zuzenduta egongo da.