Urdaibaik denboraldiko lehenengo bandera eskuratu du Coruñan
VI. Bandeira da Coruña irabazi du Urdaibaik. Bou Bizkaia izan da asteburuko onena, Hondarribia eta Donostiarraren aurretik. Emakumezkoetan, Oriok izan da garailea.
Asteburu bikaina izan da arraunlari eta arraun zale bermeotarrentzat. Nagusitasun osoz irabazi zuen Urdaibaik denboraldiko laugarren estropada Coruñan, eta nagusitasun bera erakutsi zuten atzo. Pronostikoak bete ziren, eta denboraldiko lehenengo bandera eskuratu zuen traineru bermeotarrak: IV Bandeira da Coruña.
Bere erritmoa aurkitu du azkenean Urdaibaik. Zapatuan Bermeoko taldea izan zen onena Galiziako uretan, zazpi segundoko abantaila atera batzion bigarren amaitu zuen Oriori, eta hamar segundokoa hirugarrena izan zen Hondarribiari. Laugarren postua Donostiarrarentzat izan zen, irabazlearekiko 15 segundora helmugaratu baitzen. Ohorezko txandaren hasieran parekidetasuna izan zen nagusi, baina bigarren luzean olatua harrapatu eta abantaila hartu zuen Urdaibaik; azken luzean borobildu zuen garaipena, 20 minutu eta 17 segundoko markagaz. Lekittarra sailkatu zen seigarren, eta Ondarroa, berriz, hamargarren.
Atzo, zapatuan lortutakoa borobildu zuen traineru bermeotarrak. Estropadako bigarren luzean jarri zen buruan, eta amaieraraino eutsi zion lehen postu horri. Lehenengo paladetan, berriz, Orio izan zen bizkorrena, Donostiarra gertu zuela. Hala ere, Urdaibai izan zen bigarren luzean olatua hartu eta abantaila lortu ahal izan zuena. Donostiarrak gertutik jarraitu zion, Urdaibairen erritmoa jarraituz; eurak izan ziren bermeotarren erritmoa jarraitu ahal izan zuten bakarrak.
Laugarren luzean, Bou Bizkaia nagusitu zen, Donostiarra bi segundora eta Hondarribia laura utziz. Azken metroetan, baina, lehen postura gerturatu eta traineru bermeotarra estutu zuten biek ala biek, baina ez ze nahikoa izan. Ia bi segundogatik gailendu zen Urdaibai. 20 minutu eta 10 segundoko marka ezarriz, eta atzetik helmugaratu ziren Donostiarra eta Hondarribia; lau segundora ailegatu zen Guadalupeko Ama. Orio izan zen laugarrena, Kaiku bosgarrena eta Getaria seigarrena.
Lehen txandan Zierbena nagusitu zen, lehen eta hirugarren luzeetan lortu zuen abantailari esker; beste bi luzeetan Ondarroa gerturatu zitzaion arren, ez zen nahikoa izan. Lehen txandako hirugarrena izan zen Santurtzi, eta azkena, berriz, Cabo. Hala ere, Cabok izan ezik, beste hiru ontziek aurrea hartu zieten bigarren txandako Aresi eta Lekittarrari; 11.ak izan ziren lekeitiarrak.
Bi egunetako emaitzak batuta, 15,10 segundogatik irabazi zuen Urdaibaik, Hondarribia eta Donostiarraren aurretik. Zortzigarrenak izan ziren ondarrutarrak, eta euren atzetik sailkatu ziren, bederatzigarren, lekeitiarrak.
Asteburuko emaitzekin, Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko liderra da Donostiarra 43 puntugaz, eta Galizian egin duen lan bikainari esker, Urdaibai dago sailkapeneko bigarren postuan, 42 puntugaz. Oriok eta Hondarribiak 41na puntu dituzte, eta hirugarren eta laugarren postuetan daude, hurrenez hurren. 16 puntugaz bederatzigarren postuan dago Lekittarra, eta 12 puntugaz 11. Ondarroa.