Maila handiko herriarteko finala hartu du Jai Alaik
Berriatuak 2-1 irabazi du Bizkaiko herriarteko zesta-punta txapelketa, Markina-Xemeinen kontra. Gogortasuna eta berdintasuna agerikoak izan dira Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian jokatutako finalean.
Berriatuak Bizkaiko herriarteko zesta-punta txapelketa irabazi du. Barikuan jokatu zuten berrituarrek ligaxkako azkenengo partidua, final handia, Markina-Xemeinen aurka. Hainbat ikusle hurreratu ziren Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekura, finalaz gozatzera. Horietako hainbat eta hainbat Berriatutik nahiz Markina-Xemeindik bertaratu ziren. Oro har, maila handiko partiduak izan ziren kadete, gazte zein nagusiek jokatu zituztenak, eta, azkenean, Berriatua suertatu zen garaile.
18:00etan eman zioten hasiera finalari. Tentsioa eta urduritasuna jaun eta jabe izan ziren, herri finalista biak baitziren, lehiaketaren hasieratik, finalean nagusitzeko hautagai nagusiak. Markina-Xemein gazte mailan gailentzeko hautagaia zen baina, gainontzeko kategorietan, bi herrien arteko parekidetasuna oso nabarmena zen. Talde irabazleko ordezkariek azaldu zutenaren arabera, final “oso gogorra” izan zen: “Finaleko hiru partiduak oso fisikoak izan ziren, bi taldeak erritmo handian aritu ziren, eta bietako ala biek frogatu zuten finala irabazteko bezainbesteko maila zutela”. Berrituarrek 2-1 lortu zuten finaleko garaipena: lehenengo eta behin, 30-13 aurreratu ziren kadete mailan; Markina-Xemeinek, ondoren, gazte mailakoa 30-13 poltsikoratu zuen. Nagusi mailako partiduak zehaztu zuen, horrenbestez, finala.
Maila handiko puntistak. Azkenengo norgehiagoka horretan, Berriatukoak 30-26 nagusitu ziren. “Lehia estu-estua” eduki zuen partiduak, hasieratik amaierara. “Markina-Xemeindarrak 12-5 aurreratu ziren markagailuan, baina ez genuen etsi eta, ondorioz, 18-18an berdintzea lortu genuen; hortik partiduaren amaierara bitartean, aurretik ibili ginen, baina tantoak banan-banan eta modu guztiz lehiatuan egin genituen”, adierazi dute irabazleek. Nagusi mailako partidu horretan Berriatukoek Antxon Alberdi eta Roberto Lekue kantxaratu zituzten; Markina-Xemeingoek, ostera, Alex Goitia eta Ion Ibarluzea. Beraz, goi-mailako pilotariak izan ziren finalean ibilitakoak, hau da, profesional mailan dabiltzanak.
Jai Alai pilotalekuaren dimentsioak “gako” izan zirela azaldu dute Bizkaiko txapeldunek: “Gernika-Lumokoa frontoi luzea da, espazio handikoa, eta horrek jokoa fisikoa izatea ekarri zuen; oro har, gogortasun horrek berdintasuna sortu zuen, eta ikusleentzat oso ederra izan zen hori”. Berriatuaren hurrengo helburua Euskadiko herriarteko txapelketa izango da; Mutrikuren aurka jokatuko dute, eta “garaipenaren bila” aterako dira partidu horretan ere.