Imanol Goñi, garaipenetik oso hurre
Imanol Goñi mendi korrikalari natxituarrak bigarren postuan amaitu du Bastida Vital Trail proba. EMF Kopako laugarren lasterketa puntuagarria izan da Bastidakoa, eta Razga izan du aurretik.
Mendi lasterketaz betetako asteburua izan da, eta inguruko mendi korrikalarietako askok beren bertsiorik onena eman behar izan dute lehiatu diren probetan. Ehunmilak ultra-trail, Goierriko Bi Handiak edota Marimurumendi probez gain, Bastidan Euskadiko Mendi Federazioaren Kopako laugarren lasterketa puntuagarria lehiatu zuten, zapatuan: Bastida Vital Trail.
Gizonezkoen senior mailan, Arrolape Mendi Klubeko Imanol Goñi natxituarrak bigarren postua eskuratu zuen. Goñik 1.46, 51ko denbora behar izan zuen, proba amaitzeko. Bere aurretik sailkatu zen Ismail Razga; Natxitukoak 33 segundo gehiago baino ez zituen behar izan. Goñik Razga hurre izan zuen proban zehar, baina ez zen gai izan hura harrapatzeko. Gizonezkoen senior mailako podiuma Imanol Larrañagak osatu zuen.
Maila benetan handia agerikoa izan zen ibilbide gogorrean zehar; izan ere, izena eman zuten ia 150 mendi korrikalariek 23 kilometroko eta 1.200 metro positiboko desnibeldun ibilbidea osatu behar izan zuten. Oihana Kortazar eta Goñi, Razgagaz batera, goiko kotan aritu ziren, eta mutrikuarrak, gainera, garaipena ere lortu zuen.
Kortazarrek emakumezkoen senior mailan irabazi zuen; Burumendi MT taldekoak Toloño mendian gora ihes egin zien gainontzeko korrikalariei, eta 01.59,00ko denbora behar izan zuen. Maila horretan, lasterketako denbora ordu bitik jaisteko ahalmena eduki zuen parte-hartzaile bakarra izan zen Kortazar. Bigarren postuan Aiaramendi Korrikalariak taldeko Ainara Urrutia sailkatu zen, ia 11 minututara. Podiumean hirugarren sailkatua Naiara Irigoien izan zen.