Kultur etxeko bederatzi ikastarotan izena emateko epea zabalik dago
2022-2023 ikasturterako prestatu duen ikastaroen eskaintza argitaratu du, eta bederatzi ikastarotan parte hartzeko aukera edukiko dute gernikarrek. Izena emateko epea zabalik dago Gernika Kultura webgunean.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak 2022-2023 ikasturterako prestatu duen ikastaroen eskaintza argitaratu du, eta bederatzi ikastarotan parte hartzeko aukera edukiko dute gernikarrek. Izena emateko epea zabalik dago dagoenerako Gernika Kultura webgunean.
Urritik ekainera bitartean, denetarik egiteko aukera izango dute izena ematen dutenek: esku lanak, arte sormena, bitxigintza, egur lanketa, gure ahotsak, irudiak lantzeko aukera, argazkigintza, antzerkia eta Arteskola.
Esku lanak egiteko tailerra adin guztietako herritarrentzat izango da eta saio horietan sormena garatzeko eta hamaika teknika ikasteko aukera izango dute izena ematen dutenek; urritik ekainera, martitzen eta eguenetan izango dira saioak.
Urregintza lanbidea ezagutu gura duten guztientzat artisau-bitxigintzako saioak prestatu dituzte, urritik ekainera bitarteko bariku arratsaldetan. Lanbidearen oinarrizko teknikak eta prozesurik ohikoenak ikasteko aukera edukiko dute izena ematen dutenek. Hori guztia, gainera, modu didaktiko eta pertsonalizatuan egingo dute.
Eskuen lanketagaz zerikusia duten ikastaro gehiago prestatu dituzte: Egur lanketa, kasu. “Ikastaro honetan tailatzeko erabiltzen diren lanabesaren erabilera, tailatzeko teknikak, egurraren ezaugarriak desberdintzea eta erramintaren zorrozketa ikasiko ditugu”, adierazi dute arduradunek. Saioak urritik ekainera bitartean, astelehenetan eta eguaztenetan izango dira.
Aldabak Gernika-Lumoko ondarea irudien bidez identifikatzeko tailerra eskainiko du eguaztenetan. Saioen helburua da irudiei buruz ahalik eta datu gehien biltzea, irudiari buruzko informazioa lortzeko eta udalerriko memoria historikoa aberasteko.
12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, berriz, zinema tailerra prestatu dute. Ikus-entzunezko tresnen bitartez euren interes eta kezkak komunikatzeko bidea landuko dute: «Helburua da zinemaren bitartez ikasleek sormen propio garatzea». Tailer erabat praktikoa izango da eta 3 orduko eta 10 saioetan garatuko da, urritik abendura artean.
Argazkigintza ere jorratuko dute parte hartzaileek Photokakoekin. Urritik abendura martitzenetan egingo dituzte saioak.
Bestalde, ikasturte osoan –urritik ekainera–, Oihane Enbeitaren eskutik, antzerkia lantzeko aukera izango dute gaztetxoek. Gorputzarekin, ahotsarekin, hitzekin eta gauzekin jolastuz, antzerkigintzako ateak parez pare irekiko dizkie Enbeitak martitzen arratsaldeetan.
10 urtetik gorakoentzat, Arteskolak eskaintzen dituen marrazketa eta pintura tailerretan parte hartzeko aukera ere egongo da.
Aniztasun funtzionala dutenentzako ere, tailerra prestatu dute, astelehenetan. “Artea eta sormenaren garapena funtsezkoak dira dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, ahalmena baitu garapen pertsonalerako eta gizarte ingurunean integratzeko baliagarriak izango zaizkien gaitasunak eta trebetasunak pizteko edo indartzeko”, azaldu dute.
Ikastaroak egiteko ikasleen gutxieneko zenbatekoa zortzi pertsonakoa izango da, eta gehienezkoa hamabikoa, gazteentzako zinema tailerrean eta argazkigintza tailerrean izan ezik; horietan, gutxieneko zenbatekoa 10ekoa izango da eta gehienezkoa 15ekoa.
Zehaztu dutenez, ikastaroetan parte hartzeko lehentasuna izango dute udalerrian erroldatuta daudenek.