Izaera, lehiakortasuna eta mugikortasuna: Andrijana Cvitkovic
Andrijana Cvitkovic kroaziarra Lointek Gernika Bizkaiaren laugarren fitxaketa da. IDK Euskotren taldetik heldu da, eta mugikortasuna emango diio taldeari. Beragaz, zortzi jokalari daude baieztatuta datorren denboraldirako.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak hurrengo denboraldirako lantaldeko laugarren fitxaketa konfirmatu du: Andrijana Cvitkovic kroaziarra fitxatu dute. Cvitkovicen egitekoa bere izaera eta joko lehiakorra Gernika-Lumoko taldean txertatzea izango da; horrez gain, jokatzean eskaintzen duen mugikortasun handia baliatuko dute Lointeken. Mugikortasun horren adierazgarri da, hain zuzen ere, pibot postuan edota hegal pibot modura jokatzeko ahalmena edukitzea. Horregaz, Gernikatik adierazi dute Cvitkovicek barrualdetik nahiz kanpoaldetik jokatu ahalko duela, taldearen mesedetan.
Jokoaren alderdi kolektiboaren begira fitxatu arren, lehen pertsonan zenbakiak lortzeko gaitasuna du kroaziarrak; izan ere, Emakumezkoen Endesa Ligako 23. jardunaldian MVP izendatu zuten. Denetara, 32ko balorazioa eskuratu zuen: 17 puntu eta 13 errebote lortu zituen. Lorpen horiek ligan zehar erakutsi ditu IDK Euskotren taldeagaz; bere lehen denboraldian erakutsiriko maila handian ibili da Mendizorrotzan, eta talde horretako jokalari azpimarragarrienetako bat izatera ailegatu da. Gaztetan, ostera, AEBetako Dayton unibertsitatean hazi zen; bertan eman zion hastapena bere kirolari ibilbideari. Jarraian, Hungarian zein Italian jokatzen ibili zen eta, ondoren, Keltern talde alemaniarragaz kalitate jauzia egin zuen.
Lopez: “Cvitkovic taldearentzako osagarri ona izango da”
Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile Mario Lopezek adierazi du Cvitkovic taldearen barne jokorako “osagarri ona” dela: “4 nahiz 5 postuetan aritzeko jokalari oso egokia da, eta kantxaren kanpoaldetik barrualdera min egiteko gaitasuna du eta baita hirukoak jaurtitzeko ere”. Lopezek azaldu du kroaziarrak “hobekuntza nabaria” izan duela azken denboraldi bietan; “Lointek Gernika Bizkaian hobetzearen bide horretan jarraitzea bilatuko dugu”, argitu du. Cvitkovicen fitxaketa talde gernikarraren laugarrena da eta, dagoeneko, 2022/2023 denboraldirako zortzi jokalari daude lantaldean: Cvitkovic, Nogaye Lo, Laura Spreafico, Marta Alberdi harrobiko gernika-lumotarra, Sandra Ygueravide, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Gabija Meskonyte.
Seigarrenez Europan. Lointek Gernika Bizkaiak, bestalde, atzera jokatuko du Eurocup Women txapelketan. Sei denboraldiz jarraian jokatuko dute bertan. Hilaren 15ean jakingo dute Gernika-Lumokoek aurretiazko kanporaketa jokatzea egokituko zaien ala ez. Iaz, multzokako fasean aurrera egin zuen Lointekek, eta estreinakoz txapelketako zerrendaburu izatea lortu zuten. Dena dela, multzorik gaitzena suertatu zitzaion taldeari. Fase hori gainditzea lortu arren, CBK Mersin taldearen kontrako norgehiagokan lehiaketatik kanpo geratu ziren.