Ibarra industrialdearen lehiakortasuna sustatzeko ikerketa abiatu dute
Ibarra industrialdeko enpresen erradiografia garatzen ari da Lanbide Ekimenak zentroa, eta 100 enpresa baino gehiago batu dituzte ikerketan.
Egungo ingurune “lehiakor, aldakor eta disrupzio handikoan”, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroaren erronka nagusia da enpresen eraldaketa bultzatzea. Horretarako, Ibarra industrialdeko enpresen erradiografia garatzen ari da, 100 enpresa baino gehiago batzen dituena: “Horien egoerari buruzko argazki eguneratua lortzeko eta horien beharrak, arazoak eta gabeziak identifikatzeko balioko du ikerketak”.
Udaletik jakinarazi dutenez, proiektua hiru fasetan garatuko da, eta urtea amaitu orduko amaitzea espero dute: uztailera arteko lehenengo fasean, enpresa sarea aztertzea da helburua; irailean eta urrian landuko duten bigarren fasean, talde ekintzarako plana zehaztuko dute; eta, amaitzeko, lankidetza dinamikak sustatzeko fasea da azarotik abendura bitartean garatuko dutena.
Azpimarratutakoaren arabera, helburu nagusietako bat da industrialdeko enpresak bilduko dituen elkarte bat sortzen laguntzea, gero, kudeaketa plan bat egin ahal izateko eta aldundiaren laguntza jaso hala izateko, “industria gunearen modernizazioa eta egokitzapena bultzatze aldera”.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak zentroko presidentearen ustez enpresa jardueren hazkundea izan behar da proiektuaren helburu nagusiena: “Enpresa elkarteak gure enpresa sarearen beharren bozgorailuak dira, eta horregatik, berrikuntzarako eta hazkunderako kanalak izan behar dira”. Enpresen arteko lankidetza eredu horrek eskaintzen dituen abantailak “nabarmenak” dira Lejarragaren berbetan. “Gure produkzio sarearen tamainak erne egotera behartzen gaitu, eta, beraz, gure enpresak gehiago haztea eta lehiakorragoak izatea lortzea da biderik egokiena aurrerapen garrantzitsuak lortzeko, gure enpresa sarearen ingurunea sendotzeko eta egungo merkatuan zeregin garrantzitsua ziurtatzeko”.
Lanbide Ekimenak zentroak zehaztu duenez, proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programaren bidez, eta 2022an amaituta egotea eta 2023an lanean jarraitu ahal izatea aurreikusi dute.