Gernikako gauetako tren zerbitzua indartzeko eskatu du Itaiak
Euskotreni eskatu diote gaueko tren zerbitzua indartzeko eta Lurgorriko eta Institutuko geltokietako zerbitzua bermatzeko. Ez dute erantzunik jaso, eta sinadura bilketa abiatu eta Etxeratze Kolektiboak antolatu dituzte.
Gauetan, Gernika-Lumoko hiru geltokietatik batean baino ez da geratzen trena, Geralekuan, eta etxera heltzeko oinez egin beharreko ibilbidea luzatzeak “babesgabetasun egoera handitzen” duela salatu du Busturialdeko Itaiak. Hori dela eta, Itaiako kideek Euskotreni eskatu diote gaueko tren zerbitzua indartzeko eta, gauez, Lurgorriko eta Institutuko geltokietako zerbitzua bermatzeko. Bestalde, udalari, tren zerbitzua bermatzeko “bere esku dauden baliabideak erabiltzeko” eskatu diote. Momentuz, ez dute Euskotrenen ezta udalaren erantzunik jaso.
Uda garaian jaiak ugaritu egiten dira, eta “erasoak emateko baldintzak handitu” egiten direla salatu dute Busturialdeko Itaiako kideek. Gainera, Euskotrenek egunez ematen duen zerbitzua gauez murrizteak emakume langileen “babesgabetasun egoera larritzen” duela azaldu dute: “Bizi dugun babesgabetasuna ikusgarriago eta gordinago egiten du. Horren adibide dira irainak, ukituak, jarraipenak eta etxera bakarrik joateko beldurra. Gaueko tren zerbitzua hain mugatua izateak eta etxera heltzeko oinez egin beharreko ibilbidea luzatzeak, beraz, babesgabetasun egoera hori larriagotzen du”.
Gaueko orduetan egoera horiek ez bizi behar izateak “konponbide erraza” daukala diote: trena hiru geltokietan gelditzea. “Babesgabetasun tartea murriztuko luke horrek”, argudiatu dute.
Hala, indarkeria matxista oro kondenatu eta “eraso horiek egikaritzen dituzten figurak” sinalatzeaz gain, emakume langileen babeserako eta antolakuntzarako bitartekoak martxan jartzen jarraituko dutela azpimarratu dute Itaiakoek, “emakume langileon zapalkuntza oro gaindituko duen proiektu politikoari ekarpenak eginez”.
Sinadura bilketa.
Gaur gaurkoz, Itaiakoek ez dute erantzunik jaso ez Euskotrenen, ez udalaren aldetik. Hortaz, lanean jarraitzea erabaki du taldeak, eta sinadura bilketa bat abiatu eta Etxeratze Kolektiboak antolatu dituzte.
“Gure gain hartu dugu etxera forma kolektiboan heltzeko lana. Trenak euren etxetik urrun uzten ditu hainbat eta hainbat herritar. Ondorioz, erasoak ekiditzeko eta emakume langileak borrokara batzeko asmoz antolatuko ditugu etxeratze kolektiboak “, azaldu dute. Hala, datozen egunetan Gernikako hainbat txokotan jarriko dituzte informazio guneak, sinadurak biltzeko eta Etxeratze Kolektiboetan parte hartu nahi duten guztiek izena emateko.
“Borroka honetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak. Izan ere, antolakuntza independentearen bidez indarkeria matxista borrokatzeko baldintzak jarriko ditugu, eta horiek emakume langileon interesen arabera ardaztuko ditugu”, adierazi dute.