Gaztelugatxeko turismo ereduari buruzko hitzaldia emango dute
Turismo Jasangarritasunean aditu Alba Martinezek emango du hitzaldia. Frantziskotarren komentuan egingo da hitzaldia, zapatuan, 19:00etan.
Guzan Herri Plataformak udarako kultur ekimenak antolatzen jarraitzen du. Ekaineko ekitaldietaz gozatu ostean, aurkeztu dute jadanik uztaileko lehenengoa.
Uztailaren 9an (zapatua) frantziskotarren komentuan egingo den hitzaldi bat izango da. Turismo Jasangarritasunean aditu Alba Martinezek emango du hitzaldia, eta Gaztelugatxeko turismo egoera aztertuko du. Ekitaldia 19:00etarako antolatu dute.
“Turismoak dirua ekarriko du. Beti entzun izan dugu esaldi hori, baina hitz horien atzean gauza asko daude argitzeko. Zenbat diru? Norentzako izango da diru hori? Diru hori zeren truje”, adierazi du Guzaneko ordezkari nagusi Xabi Ortuzarrek sare sozial bidez.
Guzanen ustez, Gaztelugatxeko turismo ereduak herritarrei sentiarazten die San Joan ez dela bermeotarrena, baizik eta turistei bideratutako gune bat dela.
Martinezek turismo jasangarritasunaren inguruko master bat egin du Kataluniako UOC unibertsitatean. Masterrean Gaztelugatxeko gaia landu du, eta, hain zuzen ere, lan horretan ikertutakoa eta Gaztelugatxeren egoeran beste toki batzuetan zer nolako erabakiak hartu dituzten ere azalduko die ekitaldira doazenei.
“Turismoak lekuko kultura mindu beharrean, aberastu egin beharko luke”, kexatu dira Guzaneko kideak.