Bizkaiko herriartekoa Jai Alain erabakiko da
Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuak Bizkaiko herriarteko zesta-punta finala hartuko du. Markina-Xemein eta Berriatua lehiatuko dira finalean. Sarrera doakoa izango da, eta ikusle asko bertaratzea aurreikusi dute.
Bihar, 18:00etan, Bizkaiko herriarteko zesta-punta txapelketako finala jokatuko dute Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Bertan, Markina-Xemein eta Berriatua aurrez aurre izango dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “maila handiko partiduak” espero dira, baina Markina-Xemein “hautagai nagusia” dela adierazi dute, batez ere gazte mailan. Gainontzekoetan parekidetasuna nabarmenduko dela azaldu dute.
Aurtengo ligaxka modu triangularrean egin dute, hiru taldek parte hartu baitute: Markina-Xemeinek, Berriatuak eta Gernika-Lumok. Herriek gaur bertan egingo dute ofizial jokatuko duten puntistak zeintzuk izango diren. Nagusien mailan, Markina-Xemeinek Ion Ibarluzea, Eñaut Salegi, Alex Goitia edota Jokin Arbe kantxaratzeko prest ditu; Berriatuak, ostera, Antxon Alberdi edota Ibon Aldazabal. Kadete nahiz gazte mailan ere goi-mailako pilotariak dituzte herri finalistek: Markina-Xemeinek Euskal Herriko txapeldunak ditu eta Berriatuak txapeldunordeak; gazte mailan ere gauza berbera.
Finala atzeratu beharra. Bizkaiko herriarteko zesta-punta txapelketa ekainaren 3an ipini zen abian eta, hasi zenean, final handia ekainaren 24an izatea aurrikusi zuten. Dena dela, data horren inguruan “hainbat eta hainbat zesta-punta txapelketa” zeuden, antolatzaileen arabera: “Markina-Xemein Jai Alai Grand Slama bete-betean zegoen orduan eta, beraz, egutegia oso kargatuta zegoen; horregatik atzeratu da finala”. Finalerako sarrera doakoa izango da, eta ikusle ugari bertaratzea espero dute. Izan ere, bai Berriatutik, bai Markina-Xemeindik jende asko mugitzea aurreikusten da.