Ilunabarretako zita bueltan da
Ilunabarrak plazan ekimenak Arratzuko Loiola plazako eguenak girotuko ditu, hirugarrenez. Aurtengo emanaldietan emakumeen presentzia indartu gura dute
Hirugarren urtez, herriko gazte, nagusi zein haurrei eskaintza kulturala eskaintzeko asmoz, Ilunabarrak plazan zikloa jarriko dute martxan Egigun Arratzu taldeko kideek. Hala, uztailean, eguenero, 20:00etatik aurrera, kultur eskaintza desberdinak egongo dira Loiolako plazan, eta herritarrei bertaratzeko eta ondo pasatzeko deia egin diete antolatzaileek. Zehaztu dute, euria eginez gero, frontoira lekualdatuko dituztela emanaldiak.
Aurreko urteetan legez, kultur diziplina desberdinak landuko dituzte: musika eta bertsoak, oraingoan. Aurreko urteetan balio izan duen proposamena da, eta oraingoan ere era berean antolatzea erabaki dute elkarteko kideek. Hala, ez dute publiko zehatz bati lotutako eskaintza prestatu, egitarau zabala baizik, “diziplina ezberdinak lantzen dituena”.
Orain arteko ekimenetan herriko jendeak izan duen erantzunagaz “oso gustura” daude elkartekoak, baita ekimenak sortzen duen giroagaz ere, eta, horrek, ziklo hau antolatzera daranatzala diote: “Urtero antolatzea eta udalerrian finkatzea gustatuko litzaigukeen ekimena da”.
Aurtengo emanaldietan emakumeen presentzia indartzen saiatu direla aitortu dute: “Aurreko urteetako balorazioa eginda, konturatu ginen, orokorrean, gizonezkoek osatzen zituzten taldeak zetozela herrira. Horren aurrean, saiatu gara emakumeei leku gehiago eskaintzen”.
Hala, lehenengo emanaldia Murgiako hiru emakumek osatzen duten Arrimu taldeak eskainiko du, eta, bigarren saioan, Lilibertso bertso eskolako kideak egongo dira, beste behin. “Eurekin ere berba egin dugu, eta bertsolarien erdiak emakumezkoak izateko eskatu diegu”, azaldu dute. Ohikoa da eskualdeko bertsolari taldearen presentzia Arratzuko ilunabarretan, eta Lilibertsokoak prest dauden bitartean Arratzun plaza bat izango dutela adierazi dute Egigun elkartekoek. “Uste dugu eskualdeko halako proiektu bat babestea eta bultzatzea dagokigula. Gainera, eurek ere Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren saioren bat edo beste Arratzun antolatu ohi izaten dute”, arrazoitu dute. Hartu-emana, beraz, bikoitza dela adierazi dute.
Halaber, Iparragirre Elkartekoekin ere harreman estua dutela onartu dute, eta, elkarlanean, Zugaren proiektua bultzatzea erabaki dute oraingoan. Izan ere, proiektu berria aurkezten ari da musikari gernikarra, eta plaza bat eskaini gura diote.
Bizirik dagoen herria.
Ilunabarrak plazan ekimenagaz udalerriko kultur eskaintza eta aisialdirako plana bultzatzea bilatzen dute: “Arratzu, zorionez, oso herri bizia da gaur egun. Ume eta gazte asko daude. Adinean aurrera goazen heinean, guraso zein seme-alabentzako eskaintza antolatzen saiatzen gara”.
Arratzuko herritarrei zuzendutako ekimena da, baina inguruko herrietako bizilagunei ere gerturatzeko deia egin diete. “Guretzako plazerra da gure plazako kultur ekimen batean inguruetako herrietako bizilagunak batzea”, adierazi dute.
EGITARAUA:
Uztailak 7: Arrimu taldearen kontzertu akustikoa.
Uztailak 14: Bertso saioa Lilibertsoko kideen eskutik.
Uztailak 21: Asier Zugadiren kontzertua.