Busturiko emakumeek nekazaritzako makineria erabiltzen ikasteko aukera izango dute
Busturiko Udala "politika aktiboak" lantzen ari da berdintasunaren alde; azkenaldian zaintzari buruzko diagnostiko bat egin dute, edozein eraso sexista, matxista edo xenofoboren aurrean udalak edo herriak zelan erantzun behar duen zehazten duen protokolo bat egin dute eta formakuntza saio desberdinak ere egin dituzte.
Berdintasunaren alorrean “pauso garrantzitsuak” ematen ari da Busturiko Udala. Azaldu dutenez, berdintasun arloak “aktiboki” parte hartzen du “sentsibilizazioan eta tolerantziaren kulturan”, horretarako, “lan zorrotza” egiten dutela nabarmenduta. Hala, datorren urteko urtarrilera begira, emakumeei zuzendutako nekazaritzako makineria erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu dute.
Diotenez, emakumeak ez dira zerbitzu ofizialen lanpostuetara aurkezten udal deialdietan, horregatik erabaki dute aipatu ikastaroa antolatzea. Ikastaroan parte hartuko duten emakumeek hurrengoak ikasiko dituzte: sasiak garbitzeko makina eta motozerra erabiltzen, 750 kilotik beherako atoi-autoa erabiltzen, laneko arriskuen prebentzioa eta neurriak… begirada feministan sakonduko dutela adierazi dute udal arduradunek. 90 orduko ikastaroa izango da, astelehenetik barikura bitartean eta hiru ordu egunean. Informazio gehiago gura dutenek udaletxean eskatu dezaketela azaldu dute.
Orain artekoak. Orain dela gutxi amaitu zuten, bestalde, Busturiko Udaleko Berdintasun Arloak antolatutako gimnasia emozionala ikastaroa. Aipatu ikastaroan herriko emakumeek pandemia garaian izandako esperientzia pertsonaletan sakondu ahal izan dute, baita ere bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko izan dituzten oztopo eta zailtasunetan. Autozaintza emozionala ere landu zuten, eta parte hartzaileei euren burua zaintzeko tresnak eskaini zizkieten, “norberaren beharren jakitun izateko”. Udaletik azaldu dutenez, ikastaroa Bizkaiko Foru Aldundiko diru laguntza baten bidez egin dute, eta metodologia atiboa eta parte hartzailea erabili dute. Proiektua amaitzeko, bideo bat grabatu zutela adierazi dute. Emakumeen testigantzak jaso dituzte bideoan; “pandemiak emakumeengan eta gizonengan izandako eragin desberdinak islatzeko eta emakumeen estrategiak edo emakumeen ikuspegia sareetan partekatzeko”. Bideoa prest dagoenean, herritarrak deituko dituzte bideoaren aurkezpenean parte hartzeko.
Busturiko Udaleko Berdintasun Saila “pozik” agertu da ikastaroak izan duen harreragaz, eta izan duen “arrakasta” ikusita, datorren urtera begira emakumeentzako mota horretako espazioak eskaintzen jarraitu ahal izatea proposatu dute.
Beste alde batetik, gogorarazi dute, herrian gertatu daitekeen edozein eraso sexista, matxista edo xenoforen aurrean udalak eta herriak zelan erantzun behar duen zehazten duen protokoloa landu dutela, hau da, Busturiko Udalak erantzun publiko instituzionala garatu du. Aipatu prozesua Estatutuko Genero indarkeriaren kontrako itunaren diruagaz egin zutela azaldu dute. Protokoloa garatzeko hainbat formakuntza saio egin zituzten, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko sentsibilizazioa lantzeko eta gaiari buruzko oinarri teorikoa bermatzeko. Formakuntzak politikariei, Emakumeen Kontseiluari eta udal langileei zuzenduta egon dira.
Zaintzaren inguruan herrian dauden kezkak, gabeziak eta beharrak aztertu eta diagnostiko bat ere egin dute.
“Gizarte aurreratu, justu eta arduratsua izateko gakoa lehenengo minututik bertatik jardutea da. Horregatik, Busturian, berdintasun arloaren bidez, herri gisa jarrera indibidual eta kolektiboak hobetzen laguntzeko lan egiten dugu. Berdintasuna gura dugu gure herrian, eta horren alde lan egiten dugu”, esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.