Bizkaiko metalgintzak borrokan jarraituko du
LABek "guztiz baikortzat" jo du azken hiru egunetako Bizkaiko metalean egindako greba egunak. Datuen arabera, langileen %60ak bat egin du grebagaz Busturialdean.
Bizkaiko metalgintzako sektoreak hiru greba egun deitu zituen FVEM patronalari negoziazio mahaian eseri eta aldaketak eskatzeko asmoz. Lan hitzarmena berritzeko plataforma osatu duten sindikatuek, hala nola, ELA, LAB, CCOO eta UGT, ekainaren 23an, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean deitu zituzten greba egunak. Azkena, aurreko biak baino “arrakastatsuagoa” izan dela aipatu dute.
LABek eskainitako datuen arabera, Busturialdean 700 izan dira grebagaz bat egin duten langileak, %60a. Bizkaiko datuei erreparatuz gero, 52.000 langile atera dira kaleetara hitzarmen duin baten alde borrokatzera, %85a, hain zuzen ere. Hortaz, “guztiz baikortzat” jo dute azken hiru greba egunen parte hartzea.
Sindikatutik aipatu dutenez: “Pentsatu nahi dugu patronalak kontu handiz aztertuko dituela bere negoziaketa urraketa eta blokeoaren ondorio gisa 52.000 langilek eman dioten borroka erantzuna, argi geratu da Bizkaiko metaleko enpresetan eta kaleetan langileok prest gaudela, beste behin ere, gure eskubideak defendatu eta hobetze nahian ireki den borrokan segitzeko emaitza egokiak lortu arte”.
Negoziazioak. Sindikatuek negoziatzeko borondate falta egozten diote FVEM patronalari, orain arte burutu diren bilerak telematikoak izan baitira. Gainera, sindikatuek KPIaren araberako soldata eguneraketa eskatu dute, eta patronalaren eskaintza ez da %3ra iristen.
Deitutako hiru greba egunak burutu dira, baina badirudi ez direla azkenak izango. FVEMrekin akordio bat lortu ezean, udazkenera begira greba egun gehiago deitzea aurreikusten da, baina oraindik ez dute patronalarekin biltzeko data zehatzik. “Pilota FVEMren teilatuan dago, beste behien ere, eta akordio bideak eta egiazko negoziaketak irekitzea eskatzen ditugu, Bizkaiko milaka eta milaka langile eta herritarron bizitzak hobetzea ezinbestekotzat jotzen baitugu eta gatazka honi amaiera eman”.