Turismo jasangarria garatzeko plan estrategikoa prestatu du Gernikako Udalak
2022-2025 Turismo Plana aurkeztu zuen atzo, eta Euskal Herrian Gernika-Lumo "ezinbesteko bisita modura" sendotzea da plan estrategiko berriagaz bilatuko dutena.
Gernika-Lumoko Udalak turismo jasangarria garatzeko 2022-2025 Turismo Plana aurkeztu zuen atzo. Zehaztu zutenez, Turismo Bulegoaren misioa da bisitariari “arreta bikaina” eskainiz helmugara bisita egitea erraztuko duten jarduerak garatzea eta sustatzea, eta, horretarako lan egingo dute 2025era bitartean. Gernika markaren ezagutza eta sektorearekin eta herritarrekin harremanak sustatzea –zuzenean edo zeharka– dira udalerrian turismo jasangarria garatzen laguntzeko helburu nagusiak. Jakinarazi dutenez, aurten, turismo mapa berria aurkeztuko dute, eta urtarrilean webgune berria estreinatu: Gernikainfo.eus.
Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko Turismo zinegoitziak adierazi zuen emaitzak lortzeko estrategiak lau ardatz izango zituela: bezeroak, pertsonak, berrikuntza eta gizartea.
Euskal Herrian Gernika “ezinbesteko bisita modura” sendotzea da plan estrategiko berriagaz bilatuko dutena, ekoturismorako eredu baten alde lan eginez, bidaiariek tokiko garapenari egindako ekarpena bermatuz eta abestutako guneen kultura eta biodibertsitatearen kontserbazioari ekarpena eginez.
Izan ere, zinegotziak dio Gernikaren posizionamendua hobetu behar dela eta udalerria helmuga turistiko modura egonkortu beharra dagoela: “Gernika marka edukiz hornitu behar dugu horretarako, bezeroari bidaia prestatzen hasten den momentutik bertatik hori planifikatzen laguntzeko”. Bisitarien egonaldi luzeagoa bermatzea eta turismoak udalerrian duen eragin ekonomikoa handitzea lortu gura dute horrela. “Askok eguneko egonaldiaren tarte bat baino ez dute igarotzen Gernikan; beste herri baten bazkaltzen edo lo egiten dute”, azaldu du, eta, bisitarien egonaldia luzatzeak herrian eragin ekonomiko izango zuela adierazi du.
Zehaztu du sektorearen garaen ekonomiko hori modu iraunkorrean sustatu beharra dagoela, bisitarien eta herritarren arteko oreka mantenduz. Hala ere, zerbitzuen sektoreari lehiakortasun abantaila ekarriko dioten negozio aukera berriak bultzatuko dituztela aitortu du zinegotziak.
“Guzti hori gure nortasuna, historia, kultura eta tradizioak zainduko dituzten baliabideak balioan jarriz egin behar dugu, baita bakarrak egiten gaituzten eta lehiakideengandik bereizten gaituzten alderdiak indatuz ere”, azaldu zuen atzoko aurkezpenean. Horretarako, herritarren artean gernikarra izateagatik “harrotasun sentimendua” sortu beharra dagoela dio.
Gustura dauden bisitariak lortu eta horiek Gernika markaren enbaxadore bilakatu gura ditu: “Helmugara iristen direnei esperientzia gogoangarriak sortu behar dizkiegu, horiek herritarrekin harremanak sortzeko, bertako baliabideak eta jarduerak bisitatzeko, herrian bazkaltzeko eta bertan ostatu hartzeko”.
Bisitarien eragina.
Pandemiaren ondorioz, bisitariek udalerrian izaten duten inpaktu ekonomikoa “gutxitu” egin dela aitortu zuten arduradunek, eta 2019ko datuetara itzultzea dela 2023ra arteko erronka adierazi zuten; gero, inpaktua areagotzea bilatuko dute. Horretarako, beste proiektu edo ekimen batzuk abian jartzeaz gain, udalerriko turismo mapa berria kaleratuko dute, Gernika-Lumoko 25 puntu esanguratsuenak nabarmentzen dituena. Halaber, turismo webgune berria aurkeztuko dutela jakinarazi dute: Gernikainfo.eus.
2025 bitarterako prestatu duten udal estrategia turismo sektorearekin lerrokatu beharrekoa dela adierazi zuen zinegotziak, eta horretarako lan egingo dutela gehitu.