Gernika-Lumoko Kultur Etxea energia berriztagarriz hornituko da
San Fidel Ikastolan kokatuko duten Tokiko Energia Komunitateari esker hornituko da; izan ere, ikastolako teilatuan 200 eguzki plaka jarriko dituzte.
Energia berriztagarriak erabiltzearen aldeko apustua egin du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, eta San Fidel Ikastolan kokatuko duten Tokiko Energia Komunitateari esker hornituko da; izan ere, ikastolako teilatuan 200 eguzki plaka jarriko dituzte.
“Denok dakigu klima aldaketaren ondorioak arazo larriak eragiten dituztela: muturreko fenomeno meteorologikoak, uholdeak, lehorteak, bero boladak… Horren ondorioz, osasun arazoak sortzen dira, baita biodibertsitatearen galera eta kalte ekonomikoak ere. Horregatik guztiagatik, gutako bakoitzak gure alea jarri behar du klima aldaketaren ondorioa arintzeko eta landu dezakegun ildoetako bat da energia berriztagarriak erabiltzea. San Fidel Ikastolako proiektuak etxebizitzek eguzki energia kontsumitzea bilatzen du, eta jarraitu beharreko adibidea dela uste dugu”, azaldu du Maria Uribe udaleko ingurumen zinegotziak. Ondorioz, kultur etxeak proiektu honetan parte hartuko duela adierazi du.
Udalaren partaidetza bikoitza izango dela nabarmendu du, gainera. Alde batetik, energia komunitate horren kide izango da, “kultur etxeko kontsumo elektrikoak San Fideleko tokiko energia komunitatearen energia berriztagarriagaz beteko baitu”, eta, beste alde batetik, hezkuntza eta sentsibilizazio ekintzak martxan jartzeko aprobetxatuko du. “Proiektu honen helburua da administrazioaren politikak biztanleentzat eredu izatea. Kultur etxeak martxan jarriko duen proiektuak Europako finantzazioa dauka, eta lau urteko proiektua izango da. Ziur nago klima aldaketaren ondorioak arintzeko elkarlana beharrezkoa dela eta aurkeztu dugun proiektua oso eredu polita da”, dio Uribek. Etorkizunean udal eraikin gehiago tokiko komunitate horretara gehitzea espero dutela aitortu du zinegotziak: “Administrazioak ez badugu eredu, ezin diegu herritarrei hori egiteko eskatu”
San Fidel Ikastolak garapen iraunkorreko helburuak bultzatzeko abiatu zuen Tokiko Energia Komunitatea sortzearen proiektua. “Ikasleekin eta familiekin lan egitea eta dakigun edo egin genezakeen hori herritarren zerbitzura jartzea zen gure asmoa”, azaldu dute ikastetxeko ordezkariek.
Tokiko Energia Komunitate horien parte izateak dakartzan “onura ekonomikoak eta ingurumenekoak” gerturatzeko postua jarri dute Alegria plazan, eguaztenera arte bertan egongo dena. Azpimarratu dutenez, komunitateak “alternatiba iraunkorra eta ingurumena errespetatzen” duena eskaintzen die herritarrei, “energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko”. “Horiei esker kilometro zeroko energia sortu, kontsumitu eta partekatu ahal izango dute, eraginkorragoa eta merkeagoa”, gaineratu dute. Zehaztu dute Gernikako komunitateak Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen Next Generation funtsen laguntza jaso duela, 75.000 eurokoa.
Ikastolako eguzki instalaziotik 500 metro ingurura dauden 150 etxe eta denda txiki bilduko ditu, eta zehaztu dutenez, komunitateko kide direnei %25eko murrizketa eragingo die euren faktura elektrikoan. Era berean, udalerriaren iraunkortasunari lagunduko diola adierazi dute, instalazioak urtean 885 tona CO2 isurtzea saihestuko baitu udalerrian; hau da, 25 urtez CO2 xurrgatzen duten 3.500 zugaitz landatzearen pare da.