9.487 euro bildu dituzte Arrain Azokako elkartasun gunean
Batutako dirua osasun sistemaren barruan ordaintzen ez diren 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduak ordaintzera bideratuko da.
9487 euro bildu ditu aurtongo Arrain Azokako elkartasun guneak. Batutako diru kopurua osasun sistemaren barruan ordaintzen ez diren 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduak ordaintzeko erabiliko da.
“Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Jakin badakigu askoz diru gehiago behar dela, baina ekarpen bat egitea lortu dugu. Lagungarria izango dela seguru gaude”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Besteak beste, 500 kilo atun, 300 kilo patata eta 200 txakolin botila kontsumitu ziren Arrain Azokak iraun zituen hiru egunetan zehar. “Elkartasun gunea Arrain Azokako espazio oso garrantzitsua da. Bertan lan egin duten boluntarioen lana izugarria izan da eta udalaren izenean eskerrak eman nahiko nizkieke. Noski, baita gunean parte hartu duten enpresa eta instituzioei ere. Jende askok laguntza eman du eta oso eskertuta gaude”, gehitu du alkateak.
Gune honetan hainbat erakundek parte hartu zuten: Caritas, Eutsi Gogor Danok Batera, Sagrado Corazón Ikastetxea, Erroxape Emakumeen Elkartea, Dantzaz Blai, Txo Sevilla dantza taldea, Hurre, Izaro Bikers, BREE, Peña Barrueta elkartea, Barturen harategia, Laspiur okindegia, Anchoas Royo, Llona Inprimategia eta San Pedro Kofradia. Erakunde horiez guztiez gain, Urremendi Landa Garapen Elkarteak, HAZIk eta Arabarako Errioxako ardoaren ibilbideak antolatutako ekimenetan saldutako sarreren dirua ere bideratu da elkartasun gunera.