Pentsiodunen eskubideen aldeko bizikleta martxa
Bizikleta hartu dute pentsiodunek, eta Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatzen ari dira, euren aldarriak zabaltzeko asmoz. Martxa honen bidez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuen lana azpimarratu dituzte.
Euskal Herriko eskualde guztietan euren aldarriak zabaltzeko asmoz, pedalkadaz pedalkada dabiltza pentsiodunak. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako bizikleta martxa astelehenean atera zen Donostiatik, eta gaur ailegatu da Busturialdera. Muxikatik sartu da, eta Gernika-Lumon egin du geldialdia; bertan, eskualdeko pentsiodunen babesa jaso du.
Gernika-Lumoko Batzarretxera txirrindulariak noiz helduko zain egon dira gaur goizean eskualdeko pentsiodunak, eta bizikleta hotsa entzun bezain laster, txaloz hartu dituzte martxa egiten ari diren 30 ziklistak; batzuk Donostiatik ateratakoak dira, eta beste batzuk bidean batzen joan direnak. Pentsiodunak aurrera aldarrikatuz eman diete ondoetorria, eta argazkia atera dute Gernikako Arbola zaharraren aurrean. Gernikako arbola ereserkia ere abestu dute Urdaibai Kantaguneko eta Arrano taldeko abeslariek.
Foruen plazara joan dira gero, eskualdeko pentsiodunen asteleheneroko elkarretaratze gunera, eta handik, pentsio duinen aldeko aldarria zabaldu dute berriro. “Gure borroka honetan oraindik badaukagu zer egin, zer esan eta zer eskatu”, adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek, eta aldarri horiek zabaltzeko txirrindulariak egiten ari diren ahalegina eskertu dute. “Gurean, eredu sozial berri bat gura dugu. Lau urte eta erdi pasatu dira, eta hemen jarraitzen dugu, gaurko eta biharko pentsio duinen eta orokorren alde egiteko eskatzen”, adierazi dute.
Ostean, Angel Garai Morgako pentsiodunak Aurreskua dantzatu die bizikleta martxa egiten ari direnei, eta kantuek hartu dute Foruen plaza. Pentsiodunen ereserkia kantatu dute lehenengo, eta Pentsioduna har ezazu zure bizikleta, gero.
Pedalkada bakoitzak asko balio duela adierazi diete eskualdekoek txirrindulariei, eta euskal herriko pentsiodunen mugimendiak borrokan jarraituko duela argi esan dute. “Lau urte baino gehiagoz mobilizatu eta gero, gure pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk leheneratzea lortu dugu, besteak beste pentsioen balioa handikotzeko 0,25a. Hala ere, ez dugu lortu Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin betiko finkatzea, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren nahikotasun irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPIarekin birbalorizatzea”, azaldu dute.
Martxa honen bidez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa ppartekatuen lana azpimarratu dituzte ziklistek: “Bizikleta martxa honetan, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei eskatzen diegu 2023ko aurrekontuetan 1.080 euroko osagarria kontuan hartzeko, Espainiako Gobernuak gutxienekoo pentsio hori erabakitzen duen bitartean”.
Onartu dute 52 hilabeteko borrokak erakutsi diela euren aldarrikapenak lortzeko bermerik onena dela mobilizatzea. Hori dela eta, herritar guztiei dei egin diete martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte hartzeko: “Denok dakigu pentsiodunen borrokak egungo langileei ere eragiten diela, erretiroaren ondoren bizi baldintza duinak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako”. Horregatik, langile, gizon, emakume eta gazteei ekainaren 25ean Donostiara joateko deia egin diete, han amaitzen delako bizikleta martxa; 12:00etan Donostiako Alderdi Ederren jarri dute hitzordua. Busturialdeko pentsiodunak autobusak antolatzen ari dira.