Mundakako Katillotxuk areto futbol txapelketa antolatu du
Ekainaren 21a eta uztailaren 1a bitartean egingo dute, eta izen ematea bihar zarratuko da. Hainbat taldek eman dute, dagoeneko, izena eta multzoen zozketa beraien sare sozialen bidez egingo dute.
Mundakako Katillotxu taldeak areto futbol txapelketa antolatu du Mundadako sanpedroetara begira. Mikel Rekero taldeko presidenteak azaldu duenaren arabera, “areto futbola modu dibertigarrian bultzatzeko asmoa duen lagun arteko txapelketa” egitea da helburua. Izena emateko data bihar amaituko da. Asteburuan, aldiz, lehiaketako multzoen osaketa egingo dute. Zozketa bidez osatuko dituzte multzoak, eta, zozketa hori “ahalik eta gardenena eta zintzoena” izan dadin, taldearen sare sozialetan zuzenean emitituko dute, jendeak ikus dezan.
Areto futbol txapelketa ekainaren 21ean hasiko dute; printzipioz, hilaren 30era arte egitea zen asmoa, baina izena eman duten talde kopurua ikusirik, lehiaketa uztailaren 1era arte luzatzea erabaki dute. Rekerok adierazi du gutxi gorabehera 8 talde espero zituztela, lau taldeko multzo bi osatzeko. Dena dela, oraingoz 11 dira izena eman duten taldeak eta, beraz, multzo gehiago egin beharko dituzte. Bestalde, Rekerok zehaztu du partidu bizkorrak izango direla: “20 minutuko zati bi izango dira, eta talde bakoitzak 7 eta 12 jokalari artean aurkeztu beharko ditu”. Gainera, Rekerok argitu du lehen hiru talde sailkatuek garaikurra jasoko dutela, eta, horrez gain, talde irabazleari jatordu bat oparituko diotela herriko taberna batean.