Mendatak gazte mailako Euskadiko txirrindularitza txapelketa hartuko du etzi
32. Mendatako Sari Nagusiak lehen eta bigarren urteko gazteak batuko ditu. 85 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta azken kilometroetan Bizkaiko Begiratokira igo beharko dira.
Mendatako Sari Nagusia – Euskadiko Txapelketa txirrindularitza probaren 32. edizioa lehiatuko dute etzi, Mendatan. Gernikesa Txirrindulari Elkarteak eta Mendatako Udalak elkarlanean antolatu dute junior edo gazte mailako lasterketa hori eta aurtengoak, gainera, kategoria horretako Euskadiko txapelduna nor izango den erabakitzeko balioko du.
Lehen eta bigarren urteko juniorrek elkarregaz lehiatuko dute, 17-18 urteko gazteek, eta kategoria bakoitzak bere txapelduna izango du. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, gaur-gaurkoz, 155 parte hartzailek eman dute izena; muga 200ekoa izango da. 10:00etan emango zaio hasiera lasterketari, eta ziklistek 85 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Ibilbide hori, adierazi dutenez, “zorrotza baina polita” izango da. Gutxi gorabehera, bi ordu eta erdiko denbora beharko dute parte hartzaileek, ibilbidea osatzeko.
Ibilbide gorabeheratsua. Eleizaldetik aterako dira txirrindulariak, eta lasterketaren lehendabiziko zatian birritan egingo dute Arratzuko zirkuitua: Gernika-Lumo, Ajangiz, Zarrabenta, Ibertxu eta Arratzu lotzen ditu. Ondoren, Eleizaldera itzuliko dira eta probaren bigarren zatiari ekingo diote: mendateenari. Izan ere, Mendatatik Urrutxurako bidea hartuko dute, eta Muniketagane igoko dute, Zugastietara jaisteko; ostean, Urrutxura igongo dira berriro, Ajuriatik barrena. Atzera Mendatara bueltatuko dira gero, eta, handik, Munitibarrera joko dute, Astorkiganeko mendatetxoa igarota; Munitibartik Bizkaiko Begiratokira igongo dira, mendatea beste aldetik jaitsi eta irteera hartu duten Mendatako Eleizalde auzoan bukatzeko.
Mendatako alkate Joseba Malleak azaldu du lasterketa hori moduko ekimenek “belaunaldi berriak motibatzeko eta, gainera, Mendatara Euskadi osoko bisitariak hurbiltzeko” balio dutela. Era berean, Malleak herritarrei “Mendatako kirolaz eta jai giroaz gozatzera” deialdia luzatu die.