Ile eta bizar mozketak kirol egokitu eta inklusiboaren alde
Kirol egokitua ikusarazteko eta bultzatzeko asmoz, Barbero Solidario elkartasun jaialdia egingo dute domekan. Lortzen den dirua Haszten elkarteari laguntzeko izango da.
Bizargin eta ile-apaintzaileek Gernika-Lumoko Industria kalea beteko dute domekan, kirol egokituaren eta inklusiboaren aldeko elkartasun festan. Bigarren urtez, Sorkun ileapaindegiak, Mujeres Barberas elkarteak eta Haszten kirol elkarteak beste hainbeste talderen babesagaz antolatu dute Barbero Solidario elkartasun festa. Elkarlanean, denentzako kirolaren alde egingo dute, eta aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziko dute.
Bizargin eta ile-apaintzaileek ilea eta bizarra moztuko diete bertaratzen direnei, eta mozketetatik lortzen duten dirua Haszten elkarteari laguntzeko izango da. 2014an sortu zen taldea da Haszten, aniztasun funtzionala duten Bizkaiko neska-mutilen kolektiboan kirol hastapena bultzatzeko sortu zena. Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute, Bizkaiko lurraldean kirolaren eta jarduera fisiko inklusibo eta egokituaren bidez. “Dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzen duen diziplina anitzeko taldea gara, bost planoko ekintza plan integrala lantzen duguna: elkartea, federazio, udala, hezkuntza eta terapeutika”, azaldu dute elkarteko arduradunek.
Gehien behar dutenei “aurrera pausoak” ematen laguntzen diete taldeko kideek, kirol talde askok ematen ez dizkieten aukerak eskainiz; izan ere, diotenez, zailtasun asko izaten dituzte kirola praktikatzeko. “Hori dela eta, bertaratzen direnei aniztasun funtzionalen bat duten gazteen egoera zein den azalduko diete eta euren egunerokoa ulertzeko ekintzak egingo dituzte”, azaldu du Sorkun Ordorika Sorkun Ileapaindegiko antolatzaileak.
Dioenez, ekimenaren helburua da Haszten taldearentzako “ahalik eta diru laguntza gehien lortzea”, eta, horrekin, behar bereziak dituzten ahalik eta gazte gehienei laguntzea. “Kirol egokitua oso murritza da, eta lagundu ahal izanez gero, lagundu egingo dugu”, aitortu du.
Denetariko ekintzak.
Goizetik hasiko dira ekintzak. 10:00etan jai hasierako aurreskua dantzatuko dute Elai Alai dantza taldekoek, eta hortik aurrera, denetariko ekintzek hartuko dute Industria kalea. Gernika Crossfitekoek ikuskizuna eskainiko dute, eta Sutam taldeak kontzertua. 12:00etatik aurrera, Dandayan batukadak girotuko du egonaldia, eta Daibai Skateboarding taldekoak ere bertaratuko dira. Gainera, ile eta bizar mozketa solidarioak egongo dira. Bertaratzen denak, bost euroko ekarpena egin beharko du ilea mozteagatik.
Horiez guztiez gain, Haszten taldekoak ere bertaratuko dira Gernikara, eta aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziko dute. “2019an egin genuen lehenengo Barbero solidario elkartasun jaia Gernikan, eta festa horren ondorioz, Hasztenekoek talde berri bat sortu zuten Gernikan, Busturialdeko Mankomunitatearen eta Astraren laguntzagaz”, azaldu du Ordorikak. “Apurka-apurka” ari direla lanean aitortu du antolatzaileak, eta “oso pozik” daudela gehitu du. “Zenbat eta laguntza gehiago jaso, orduan eta hobeto. Gauza handia da eurentzat talde hori sortu izana”.
Elkartasun zozketa ere egongo da domekan, eta tiketa eskuratu gura duenak Sorkun Ileapaindegira joanda edota Haszten elkartera deituta eskuratu dezake: 747 40 43 58. 14:00ak artean egongo dira ekintzak.
Antolatzaileak oso pozik daude izaten ari diren harreragaz: «Urtero-urtero gauza gehiago egin eta jende gehiagok parte hartzea lortu gura dugu. Gernikako merkatari askok parte hartu dute aurten, baita herritarrek ere; izan ere, ileapaindegia opariz beteta daukat. Ikaragarria da jasotzen ari garen elkartasuna. Haszten elkartekoak harrituta eta eskertuta daude».
Aurtengoa bigarren edizioa denez, talde eta elkarte gehiago animatu direla aitortu du Ordorikak. Hala ere, herritarrei bertaratzeko deia egiten die antolatzaileak. 2019koa «arrakastatsua» izan zen, 2.500 euro bildu zituzten, eta aurten ere ekarpenak batzea espero dute.
Antolatzaileak zehaztu du, «ahal izanez gero», urtero antolatuko dutela ekitaldia, eta hurrengoetan egun osoko egitaraua prestatzea izango dela erronka. «Ahal izanez gero, urtero antolatuko dugu eguna. Uste dut gauza polita dela, umeek behar dutela, eta horiei lagundu ahal izanez gero, lagundu egin behar dela».