Gernika Sporting-ek 40. urteurrena ospatuko du asteburuan
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako infantil talderik garrantzitsuenak bilduko dira Urbietan, zapatu eta domekan.
Gernika Sporting futbol taldeak bere 40. urteurrena ospatuko du, datorren asteburuan, Urbietan. Izan ere, ume mailako futbol txapelketa egingo dute Gernika-Lumoko zelaigunean. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako talderik esanguratsuenak zein baino zein gehiago ibiliko dira: Gernika Sporting futbol taldeaz gain, S.D. Gernika Klub, Irungo Real Union, Gasteizko Aurrera, Antiguoko K.E., C.D. Laudio, Santutxu F.C., C.D. Kostkas, S.D. Amorebieta, A.D.C. Abetxuko, Portugalete, S.D. Deusto, Lengokoak K.E. eta Baskauri. Txapelketa zapatuan eta domekan lehiatuko dute. Zapatuan, egun osoko egitaraua izango da: 10:00etatik 19:30etara arte; domekan, aldiz, finalak lehiatuko dituzte, eta goizez baino ez dira egongo partiduak, 10:00etatik eta 14:00etara artean.
Roman Atxirika klubeko lehendakariak azaldu du txapelketan parte hartuko duten talde guztiak “goi-mailakoak” direla. Era berean, azaldu du Baionako Aviron taldea etortzea ere espero dutela, “oraindik asistentzia baieztatu ez duten arren”. Txapelketarako sarrera doakoa izango da eta taberna ere zabalik egongo da. Amaitzeko Atxirikak argitu du urteurrena iaz ospatu behar zutela, orduantxe bete baitzituen taldeak berrogei urte, baina koronabirusak “ekitaldi xumeren bat edo beste” bakarrik egitera derrigortu zituela. Aurten, txapelketaz gain, beste urteurren ekitaldi bat ere egingo dute, irail aldera.