Bizkaiko Txapela txapelketa irabazi dute GRTko beteranoek
Plentzia-Mungia eta Elorrio taldeen kontra lehiatu zuten GRTko beteranoek. Lehenengoen kontra berdindu egin zuten, eta bigarrenen aurka, aldiz, irabazi. Tango XV taldea ere txapelketan izan zen. Giro ederrean eta mahaiaren inguruan borobildu zuten eguna.
Gernika Rugby Taldeko beteranoek Bizkaiko Txapela errugbi txapelketa irabazi zuten joan den zapatuan. Duela hamar urte ingurutik hainbat talderen artean egin ohi den lehiaketa da Bizkaiko Txapela, eta urte bakoitzean herri jakin bat izaten da kokalekua. Aurten Gernika-Lumoko Urbietako zelaigunea izan da lehiaketaren egoitza. Era berean, bizpahiru urteko geldialdia izan du txapelketak, koronabirusaren pandemia egoera tarteko, eta Bizkaiko zein Espainiar Estatuko zenbait beterano talde elkartu zituen. Gernika Rugby Taldeko Jose Felix Urrutia Anka-k adierazi duenaren arabera, “ondo pasatzeko eta aktibo egoteko” modua da Bizkaiko Txapela, eta “aspaldiko lagunak atzera ikusteko aukera ere ematen du”.
“Bizkaiko Txapela ondo pasatzeko eta aktibo egoteko lehiaketa da”
Aurtengo egitarauan, Mungiakoek eta Plentziakoek talde bakarra osatu behar izan zuten, jokalari nahikorik ez zeukatelako; horiez eta basurdeez gain, Elorriokoak ere aurkeztu ziren. Gainera, Tango XV izeneko talde argentinarra ere izan zen Urbietan. “Estatuan bizi diren jokalari argentinarrez osatuta dago talde hori”, argitu du Urrutiak. Lehiakortasunera bideratuta ez dagoen txapelketa izan arren, GRTk lortu zuen garaipena. “Mungia-Plentzia taldearen kontra berdindu egin genuen eta, ostean, irabaztea lortu genuen Elorriokoen aurka”, azaldu du gernikar beteranoak.
Bizkaitar oro, batuta. Txapelketako azken partidua “desberdin samarra” izan zen, Urrutiaren arabera. Izan ere, Bizkaiko talde guztiek bat egin zuten beranduago iritsitako argentinarren kontra. Norgehiagoka hori irabazterik ez zuten izan. Ildo horretan, “maila eta nekea” izan ditu ahotan Urrutiak: “Argentinarrak azkenengo ailegatu ziren, eta partidu bakarra jokatu zuten; horrenbestez, gainontzekook baino freskoago abiatu zuten partidu hori. Bestalde, talde horretan badira beteranoak izan arren oraindik aktiboan dauden zenbait jokalari ere, eta maila jauzi hori igarri egin genuen”.
“Beteranoen taldean belaunaldi arteko eten bat eman dela dirudi, eta taldea osatuko duten jokalariak batzera animatu behar ditugu”
Behin zelaitik aterata, lagunarteko giroan hartu zuten Bizkaiko Txapela. Hain zuzen ere, GRTkoek jan-edana ipini zuten Urbietan bertan, eta poteoa ere egin zuten taldearen taberna berrian. Amaitzeko, lagunarteko bazkaria egin zuten; bertan 110 lagun inguru elkartu ziren. Lehiaketaren irakurketa “oso positiboa eta aberasgarria” egin du Urrutiak: “Egun oso polita pasatu genuen, bai zelaian, bai zelaitik kanpo”.
Bestalde, Urrutiak adierazi du GRTko beteranoen taldean badirudiela, maila handia egon arren, “belaunaldi arteko eten bat” eman dela: “Beteranoak baina, era berean, gaztexeagoak diren jokalariei gugaz elkartzeko deialdia egiten diegu; esperientzia benetan ederra da horrelako txapelketen nahiz ekimenen parte izatea, eta taldea osatuko duten jokalariak gugaz batzera animatu behar ditugu”.