Sandra Ygueravidek Gernikan jokatuko du
Frantziako ESBVA-Lille Metropole taldetik etorriko den jokalari valentziarrak, bataz beste 10,3 puntu, 2,2 errebote eta 3,5 asistentzia eskuratu zituen Frantziako ligan, eta, 9,2 puntu, 2,4 errebote eta 4,7 asistentzia Eurocup Women lehiaketan.
Lointek Gernika Bizkaiak Sandra Ygueravide fitxatu du, Frantziako ESBVA-Lille Metropole taldetik etorriko den talde antolatzaile valentziarra. Bera da talde gernikarraren lehen fitxaketa datorren denboraldirako, eta jokalariarekin erasoko jokoa indartu gura du Lointek Gernika Bizkaiak; azken denboraldian, bataz beste 10,3 puntu, 2,2 errebote eta 3,5 asistentzia eskuratu zituen Frantziako ligan, eta, 9,2 puntu, 2,4 errebote eta 4,7 asistentzia Eurocup Women lehiaketan.
Lointek Gernika Bizkaiaren eskutik, Ygueravide Emakumezkoen Endesa Ligara itzuliko da datorren denboraldian. Izan ere, valentziarrak 17 urterekin debutatu zuen Ros Casaresen, eta Emakumezkoen Endesa Ligan Perfumerias Avenidan, Estudiantesen edota Hondarribiko taldean aritu eta gero, Europara salto egitera erabaki zuen. Besteak beste, Turkian, Polonian, Errusian, Hungarian eta Frantzian lehiatutakoa da jokalaria. 2018-2019 denboraldian, Eurocup Women txapelketa irabazi zuen Errusiako Nadezhda Orenburg taldeagaz, eta azken bi denboraldiak ESBVA-Lille Metropole taldean jokatu ditu, iazko ligan bigarren sailkatuz.
Erronka eta helburu berrien bila datorrela adierazi du Ygueravidek: “Duela bederatzi urte nire kirol ibilbideko erabakirik onena hartu duen: Espainiatik kanpo jokatzea. Orain, bueltatzeko ordua dela deritzot. Erroka eta helburu berriak ditut, eta betiko moduan, gogotsu nago”.
Horrez gain, azken urteetan 3×3 txapelketetan nabarmendu da talde antolatzaile valentziarra. FIBA txapelketetako 2021eko jokalaririk onena izendatu zuten, eta Espainiako selekzioarekin Europako txalpenduna izatea lortu zuen Parisen.
Ygueravideren fitxaketarekin lau jokalari ditu Lointek Gernika Bizkaiak: Ygueravide bera, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Gabija Meskonyte.