Urdaibaik hirugarren denbora onena lortu du Lekeitioko uretan
Arraun Lagunak eta Orio nagusitu dira Lekeitioko uretan.
Ikuskizun handia eskaini zuen atzo [ekainak 5] Lekeitioko banderak. Gero eta gutxiago falta da txapelketa ofizialei hasiera emateko, eta berdintasuna nagusitu zen uretan. Izan ere, Lekeitioko bandera segundo bat baino gutxiagoan erabaki zen emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Oriok irabazi zuen gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak gailendu zen emakumezkoetan. Gozatua hartu zuten portuko eta inguruko ikusleek.
Ez zen emozioa falta izan gizonezkoen lehian. Oriok balekoa hartu zuen eta garaipena erdietsi zuten Hondarribiaren aurretik; 29 ehunenera geratu zen Ama Guadalupekoa. Lehia bizia izan zuten bi traineru gipuzkoarrek, baina aurretik ziren oriotarrak lehenengo bi ziabogetan. Hala ere, Oriok ez zuen estropada apurtzeko gaitasunik izan eta azken txanpan erabaki zen irabazlea. Izan ere, bermeotarrak ere bete-betean sartu ziren banderaren lehian. Bizkaitarrek azken luze bikaina egin zuten, baina ezin izan zituzten bi traineru gipuzkoakl aurreratu. Azkenean, hirugarren geratu ziren segundo bat eta 62 ehunenetara.
Azkenaurreko txandan bigarren izan zen Isuntza, etxekoen aurrean marka ona ezarrita. Sailkapenean bosgarren postua eskuratu zuen Orio irabazlearengandik 18 segundora. Ondarroak ere txanda berean parte hartu zuen eta oro har zortzigarren izan zen 34 segundora.
Mutriku lehen txandan aritu zen Portugaleteren aurka, eta txanda irabazi zion. Lehiaketan, baina, 19. postua eskuratu zuten mutrikuarrek, izan ere, Oriok baino minutu bat eta 43 segundo gehiago behar izan zituzten lau luzeak osatzeko.
Emakumezkoetan, Arraun Lagunaken eta Orioren arteko lehia “ikusgarria” izan zen. Ezin izan ziren bertsintsuago egon estropada osoan zehar. Ziaboga batean denbora bera ezarri zuten: 5 minutu eta 33 segundo. Azken txanpan, berriz, Arraun Lagunakekoak irabazi zuen, baina 31 ehunenengatik bakarrik.
Atzoko ikuskizunagaz erakutsi dute Euskotren Ligako txapeldunak eta azpitxapeldunak prest daudela beste lehiaketa bikain bat osatzeko.
Hirugarren izan zen 13 segundora Donostiarra eta eguneko ezuste nagusietako bat bigarren txandan aritu zen Hondarribiaren laugarren postua izan zen; ohorezko txandako Tolosaldearen aurretik sailkatu zen. Azken hauek gailendu ziren ligako iazko jaitsierako playoffetan. Ondarroa zortzigarren izan zen 56 segundora, eta aurretik izan zituen Deustu eta Hibaika, irabazlearengandik 38 eta 46 segundora hurrenez hurren. Atzetik, Zumaia eta Portugalete sailkatu ziren, 59 segundo eta 2 minutu eta 13 segundora.