Hamarkada bat rude izaeragaz
X. Rudelari Eguna ospatzeko bi eguneko jaialdia prestatu dute, lehenengoz. Astraz eta herriko kaleez gain, Lizeo Antzokiak ere hartuko ditu kontzertuak.
Hiru urteko itxaronaldiaren ostean, badator X. Rudelari Eguna. Rudelariek asko espero duten asteburua izango da oraingoa, “berezia”; izan ere, hiru urtez geldi egon eta gero, ailegatu da hamargarren urteurrena ospatzeko ordua. Horregatik, jaialdi itxura eman diote aurtengoan: bi egunez hainbat kontzertuz eta ekintzaz gozatzeko aukera edukiko dute Gernika-Lumora bertaratzen direnek.
Rudelari Eguna beti izan da reggae eszenako eragile eta lagunen topaleku bat, erreferentziazko hitzordu bat. “Gure komunitate txiki hau aktibatu duena da, harreman sareak sortarazi dituena eta hainbat proiektu interesgarriren jatorria izan dena”, adierazi dute antolatzaileek.
Aurtengo ospakizunek aurrekoek baino egun eta leku gehiago izango dituzte, izan ere, jende gehiagorengana heltzeko apustua egin dute. Bi eguneko jaialdiak Lizeo Antzokia beteko du oraingoan, eta umeentzako ikuskizuna ere egongo da, lehenengoz. “Hamargarren urteurrena ospatzeko hiru urtez egon gara esperoan; urte bi pandemiarenak izan dira, baina 2019koa ere ezin izan genuen egin arazo teknikoak tarteko”, azaldu du Ander Zearra Rudelari taldeko kideak.
Hasieran, egun bakarreko jai egitea aurreikusi zuten, baina, euren kultura eta musika herriko esparru eta jende gehiagorengana zabaltzeko helburuagaz, udalaren laguntza jaso dute: “Kultur etxeagaz elkarlanean, Lizeo Antzokia beteko dugu. Ikuslego zabalagoari eskainitako kontzertuak izango dira. Gu talde txikia gara, eta ez daukagu dirurik halako kontzertuak antolatzeko, baina kultur etxearen diru laguntzagaz Broken Brothers eta The Oldians taldeak ekarriko ditugu”.
Egitaraua ere moldatu dute, eta umeei euren lekua eskaini diete. Izan ere, zapatuan Sorgina Txirulina ipuin kontalariaren ikuskizuna egongo da, Astran: Jamaikan ska… baita Gernikan ere ipuina kontatuko dute. “Lehenengo aldiz, etxeko txikienei ere gure musikaz gozatzeko aukera eskaini gura diegu”, adierazi dute, eta, aitortu dute beste adin eta giro batzuetara egokitzea izan dela euren asmoa.
Musika kalera
Astran eta kalean ospatu dituzte orain arteko urteurrenak rudelariek, baina, oraingoan, kalean ekintza gehiago antolatzearen aldeko apustua egin dute, eta Aterpe kanpoko kontzertuekin bilatu dute hori. “Kalera ateratzeko asmoz prestatu ditugu Aterpeko kontzertuak, Gernika musikaz betetzeko asmoz, baita talde horiei ikusgarritasuna emateko helburuagaz ere”, azaldu du Aitor Iturbe taldekideak.
Kontzertu handienak, baina, Astran izango dira: The Magneto Phones eta Akatz. Lan berri bat aurkeztu dute lehenengoek kulturarako fabrika sozialean. Akatz taldekoak ere disko berria aurkezten ari dira, eta geldialdia egingo dute Gernika-Lumon: “Lagunak dira, asko lagundu digute beti, eta prestutasunez etorri izan dira behin baino gehiagotan. Euskal Herri mailan, 30 urtez aritutakoak dira, oso talde indartsua dira bilbotarrak”. Eta, amaitzeko, Apatxe Sound egongo da Ospako agertokian, jaialdia borobiltzeko.
Diotenez, Busturialdean ez dago euren moduko kolektiborik: “Gu gara horrelako musika bultzatzen dugun talde bakarretarikoak. Gazteei asko gustatzen zaien musika estiloa da, eta guk halako musika taldeak ikusteko aukera ematen dugu”.
Musika taldeen musikaz gain, rudelarien kantua entzun ahalko da asteburuan. Izan ere, hamargarren urteurrena ospatzeko kantu bat sortu dute Errementarians taldeagaz batera, Bilboko Pantx estudioan grabatuta. Esan dute letrak eta ahotsak Rudelariek egindakoak direla. “Duela hiruzpalau aste grabatu genuen kantua; gure lehenengo esperientzia izan zen. Oso ondo pasatu genuen”. Gaur aurkeztuko dute Radio Fever irratsaioan, Rudelari Egunaren bezperan.
Kontzertuez gain, baSKAriak beteko du Astra, zapatuan. Indaba jana prestatu dute, eta bazkarirako txartelak Ospan eta @gerniska Instagram kontura idatzita lortu daitezke. Izena bihar gauera arte eman daitekeela zehaztu dute antolatzaileek.
Egitaraua
Bihar, ekainak 3
20:00. Kontzertuak, Lizeo Antzokian: The Oldians eta Broken Brothers.
Etzi, ekainak 4
12:00. Umeentzako ikuskizuna, Astran: Jamaikan Ska… baita Gernikan ere, Sorgina Txirulinaren eskutik.
13:30. Poteo Sound Sistem, Ospatik hasita.
15:00. BaSKAri. Indaba jana, Astran.
17:30. ‘Reggaean Jarrai’ proiektuaren aurkezpena.
19:30. Kontzertuak, Aterpen: Arratians eta Peñaranks. Gero, Poteo Sound Sistema, Aterpetik Astraraino.
22:30. Kontzertuak, Astran: Akatz eta The Magneto Phones.
Ostean. Apatxe Sound, Ospa tabernan.