Pertsonaien ehiztariaren istorioa taulagainera
Kontalari baten istorioa jorratzen duen antzezlana da 'Alderray', eta istorioak sortzen dituen horren bizimodua ezagutzeko aukera izango dute gernikarrek barikuan, 19:00tan, Lizeo Antzokian.
Istorio kontalaria da Alderray, pertsonaien ehiztaria. Horretan aritu da bizitza osoan, kalerik kale pertsonaia berezien bila. Sena du kontatzea merezi duten istorioak antzemateko, eta, gero, edozein kale kantoi edo plazatan horiek kontatzeko, borondatearen truke. Askatasunean bizi izan da beti, nahita aukeraturiko bakardadean, baina gaztaroa aspaldi pasata dauka eta orduko kemena galduta. Une horretan, neska gazte bat agertzen da bere bizitzan, Alderrayren lanaren mireslea, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Ehiztari zaharra asozial bihurtu den arren, bere ondoan onartuko du gaztea, morroi gisa.
Kontalari baten istorioa jorratzen duen antzezlana da Alderray, eta istorioak sortzen dituen horren eta bere morroiaren bizimodua ezagutzeko aukera izango dute gernikarrek barikuan, 19:00tan, Lizeo Antzokian; Mikel Martinezek gorpuzten du Alderray eta Sandra Fernandez Aguirre da morroiaren lana zein den erakusten duena.
Patxo Telleria: “Aspaldi ikasi nuen istorio interesgarriak egiteko pertsonaia guztiak izan behar direla estimatzekoak, baita antagonistaren papera egin dezaketenak ere”
Patxo Telleria da obraren egilea eta zuzendaria, bera ere istorio sortzailea: “Pertsonaien ehiztariak gara sortzaileak, kaletik antena jarrita joaten garenak, pertsonaia berezien bila ari garenak. Historian zehar kontalarien istorioak beti egon dira presente, eta gu ere horren adar bat gara. Narrazioen narrazioa da lan hau”. Kontalaria den heinean, bere isla ere bada pertsonaia nagusia, une jakin batean kokatu duena: bere bizitzaren azkenengo fasean dago Alderray, indarra eta kemena galtzen ari den unean, gaztetasuneko ehiztari izena galduta duenean, jada pertsonaiarik aurkitzen ez duen momentu horretan. Emakume gaztearekin batuko da, eta biek elkarbanatzen dituzten istorioak kontatuko ditu antzerkiak.
Narrazioen narrazio modura egituratuta dago antzezlana, izan ere, ekintza aurrera doa “itxuraz” independienteak diren kontakizunen bidez. Hasieran, kontakizun horiek ez daukate zerikusirik protagonistekin, haien bizitzatik urrun daudelako, baina narrazioak gero eta pertsonalagoak bihurtuko dira. Euren bizitzekin eta euren arteko harremanarekin eta bakoitzaren nortasunarekin zerikusia duten istoriak nabarmenduko dira antzezlanaren erdialdetik aurrera: “Eurei eta euren gatazkei buruz berba egingo dute Alderrayk eta morroiak. Gaztea eta zaharra dira, gizona eta emakumea”. Narrazioaren arloari dagokionez, bakoitzak ofizioaren ikuspuntu desberdin bat dauka, kontrajarrita daudenak. “Alderrayri gustatzen zaizkion pertsonaiak erraldoiak dira, handiak, potenteak, heroikoak, odoltsuak, dramatikoak. Neska gazteari interesatzen zaikionak, berriz, askoz ere xumeagoak dira, bizitza errealekoak, hurbilagokoak, drama intimioak eta ezagunak dituztenak, denontzat ezagunak direnak. Alderray molde zaharrekoa da eta morroia molde berrikoa, eta euren arteko harremanen talka kontatzen du obrak”, adierazi du egileak.
Ikusleek bi protegonisten iritzi eta usteak ezagutuko dituzte, baina Telleriak ez du bilatu publikoa batarekin edo bestearekin identifikatzea. Ikusleak morroiarekin identifikatuko direla sumatzen du –eta ez litzaioke bat ere arraroa egingo–, pentsamolde eguneatua duelako, baina antzezlana ez dela onaren eta gaiztoaren arteko dema bat dio: “Aspaldi ikasi nuen istorio interesgarriak egiteko pertsonaia guztiak izan behar direla estimatzekoak, baita antagonistaren papera egin dezaketenak ere. Pentsa daiteke Alderray oso pertsonaia zakarra dela, oso modu zakarrean tratatzen baitu bere morroia –ez dio ezta izenez deitzen–, baina publikoari pertsonaia hori ere ulertzeko aukera eskaintzen diot. Bere arrazoiak argitzeko aukera bat. Asko kostatu zait hori lortzea, Alderrayri bere barnean begiratzea asko kostatzen zaiolako; pertsonaia handiak aukeratzen ditu bere barnean begiratzeko beldur delako”.
“Lan berria”
Tartean teatroaren parte da Telleriaren lana, “nahiko gauza berria”. Antzezki konpainaren ohiko tonutik aldentzen den antzezlana da Alderray, publikoak hasieran esperoko ez zuena: “Hasieran nolabaiteko harridura sortu zuen publikoaren artean, jendeak ez zekielako ze antzezlan mota ikusiko zuten. Guk hori begenekien, hori bilatu genuelako. Ez zaigu erosotasunean gelditzea eta seguruenera jotzea gustatzen, gauza berriak eskaintzea bilatu gura dugu”. Hasierako ustekabea pasata, “ikus-entzuleei gustatu” zaien obra dela dio Telleriak, “barre egiteaz aparte besterik bilatzen duenari asko gustatu zaion lana” dela dio.
Patxo Telleria: “Pertsonaien ehiztariak gara sortzaileak, kaletik antena jarrita joaten garenak”
Duela urtebete baino gehiago sortu zituen Alderrayren eta morroiaren pertsonaiak egileak, eta denbora “oso azkar” pasatu dela dio. Izan ere, martxoan aurkeztu zuten obraren denboraldiko azken geltokia izango Gernikakoa; kontalariak urrian bueltatuko dira eszenatokietara. “Buruan lehenengo ernamuina sortzen denetik antzoki batean gauzatzen den arte tarte asko dago, aldaketa asko egon daitezke, baina gutxienez urtebete pasatzen da, eta hemen ere berdina igaro da. Gernikan aurkeztu eta gero, urrian bueltatuko gara”, jakinarazi du Telleriak.