Musika kalera aterako dute berriro
'Gure banda auzorik auzo' lelopean, Segundo Olaeta Musika Eskolak aurtengo ikasturtean abiatu duen kontzertu zikloaren bigarren saioa eskainiko du barikuan, 19:00etatik aurrera, Industria kalean.
Segundo Olaeta Musika Eskolako Banda Sinfonikoak Gernika-Lumoko kaleak musikatuko ditu berriro. Gure banda auzorik auzo lelopean, aurtengo ikasturtean abiatu duten kontzertu zikloaren bigarren saioa eskainiko dute barikuan, 19:00etatik aurrera, Industria kalean. Eguraldi txarra eginez gero, Merkatu plazara lekualdatuko dira.
Azken ikasturtean Lizeo Antzokian, Jai Alai Frontoian eta San Juan Ibarran eskainitako kontzertu handien ordez edukiera txikiagokoak prestatu dituzte oraingoan. Izan ere, udalerriko musika eskolak herritarren musika heziketa sustatzeko konpromisoa dauka, eta auzoz auzoko kontzertuekin ari dira helburua betetzen. Lehenengo saioa San Kristobal plazan izan zen, eta, oraingoan, herrigunera hurbilduko dira.
Denetariko gustuei zuzendutako musika zikloak izaera berritzailea dauka, eta emanaldietako errepertorioa ere eguneratua da. Oraingo honetan, musika modernoa izango dute ardatz. Bertaratzen diren ikus-entzuleek Bruno Mars, Amy Winehouse, Queen, Iron Maiden edo Ozzy Osbourne bezalako artisten bertsio sinfonikoak entzun ditzakete 40 minutuko iraupena izango duen ikuskizunean.
Kalean bertan izango da emanaldia, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, “musikaz gozatzeko aukera ederra delako”.
Ekainak 24.
Talde sinfonikoaren hurrengo proiektua ekainaren 24an izango da, Rock N’Band formatu handia berreskuratuz. Bertan, Segundo Olaeta Musika Eskolako banda, rock talde bat eta eskolako abeslari ugari ibiliko dira elkarrekin jotzen, Ross Dantza eskolako koreografiekin indarrak batuta. San Juan Ibarrako jaiak girotzeko kontzertua izango da datorren hilabetekoa.