Kerman Lejarraga James Metcalfen aurka eta etxekoen aurrean neurtuko da bihar
Kerman Lejarragak James Metcalf britainiarraren kontra borrokatuko du bihar, Bilbao Arenan. Aurretik beste hiru norgehiagoka izango dira, horietako bat euli pisuko Europako Titutlua lortzeko. Ikuskizuna 20:00etan abiatuko dute.
Kerman Lejarragak, 2021eko martxoaren 3tik ringa zapaldu barik egon ostean, barikuan Bilbon indarrak neurtuko ditu James Metcalf Liverpooleko boxeolariaren kontra. Munduko Txapelketa bat lehiatu ahal izateko atea zabalduko dion borroka baten bila dabil morgatarra, eta, noranzko horretan, Kid Shamrock modura ezaguna den Metcalfen kontrakoan superwelter mailako WBA titulu Kontinentala jokoan izango da. Norgehiagoka Bilbao Arenan izango da, eta, antolakuntzak aurreratutakoaren arabera, salgai jarritako sarrera gehienak jadanik salduta daude.
Lejarraga, Morgako errebolberra, borrokarako “motibatuta eta bere aukeren sinistun” agertu da, baia argi eta garbi utzi du bere aurkaria “goi mailako boxeolaria” dela: “Metcalf maila izugarria duen boxeolaria da; welter mailan geundenean, elkarregaz entrenatu izan genuen, eta, horrenbestez, jakin badakit nor izango dudan aurrez aurre eta zer egin beharko dudan hura menperatzeko”. Hain zuzen ere, entrenamendu saio gogorrak egin berri ditu Lejarragak; AEBetan, Las Vegaseko prestakuntza kontzentrazio batean, eman ditu azkenengo bi hilabeteak.
Lejarraga: “Metcalf maila izugarria duen boxeolaria da; welter mailan geundenean, elkarregaz entrenatu genuen”
Bilbao Arenako egitaraua. Biharko boxeo ikuskizuna 20:00etan ipiniko da abian, Fran Mendozaren eta Alexander Mejiaren arteko borrokagaz. Jarraian, Jon Miguez eta James Moorcroft izango dira elkarren kontra indarrak neurtuko dituztenak. Ondoren, Angel Morenok eta Jairo Noriegak euli pisuko Europako Txapelketa lortzeko borrokatuko dute, Lejarragaren eta Metcalfen arteko gaueko borroka nagusia orduko. Morgakoaren boxeolari ibilbideko palmaresa oso esanguratsua da: 34 garaipen eskuratu ditu, horietako 26 KO bitartez erdietsi ditu, eta birritan baino ez du galdu.