Pello Bilbao, bere seigarren Italiako Giroaren atarian
Mikel Landa murgiarragaz batera, Gernika-Lumoko txirrindularia Bahrain Victorious etxeko taldeburua izango da. Sailkapen orokorreko lehian eta etapa garaipenen jokoan sartuta ibiltzea espero du, eta sasoi puntu bikainean iritsi da irteera lerrora.
Pello Bilbao Lopez de Armentia Bahrain Victorious taldeko txirrindulari gernikarrak Italiako Giroa abiatuko du bihar, Budapesten. Bera izango da, hain zuzen ere, taldeko ziklista nabarmenduetako bat, Mikel Landa Meana arabarragaz batera. Bilbaoren seigarren parte-hartzea izango da aurtengoa; zerbait izatekotan, besteak beste, girogizona da Gernika-Lumokoa: etapa garaipen bi eskuratu ditu bere ibilbidean zehar, eta, 2018az geroztik, sailkapen orokorreko borrokan murgilduta ibili izan da. Urte horretan, hain zuzen ere, seigarren sailkatu zen. Orduz geroztik, bosgarren izan zen 2020an eta, hamahirugarren, ostera, iazko edizioan. Aurten, “sasoi puntu bikainean” heldu da Girora; izan ere, Itzulian nahiz Alpeetako Tourrean etapa garaipen bana eskuratu du.
“Mikel Landa, Simon Yates eta Richard Carapaz ikusten ditut azken podiumeko lehen hiru postuetan”
Adierazi duenaren arabera, “podiumean sartzea eta bukaerara arte elastiko arrosaren lehian sartuta egotea” izango dira Bahrain Victorious taldearen helburuak. Horretarako, Landa izango da lehen hautagaia, eta Bilbao bera bigarren aukera bezala gordeko dute. Bidean, baina, “ez dira despistatuko”, azaldu duenez: “Talde benetan orekatua daukagu, eta ez dugu etapa garaipenen aukerarik desaprobetxatu gura; adibidez, Phil Bauhaus esprinterrarentzako egun apropos ugari daude”. Wouter Poels nederlandarra eta Santiago Buitrago kolonbiarra izango dira mendian bidelagun edukiko dituzten kideak; Jasha Sütterlin alemaniarrak bere herrikide Bauhausen aukerak defendatuko ditu. Horiez gain, Jan Tratnik izango dute, “eremu denetan laguntzeko”, eta Domen Novak ere bai, Bilbaoren “konfiantza osoko taldekidea”.
“Talde benetan orekatua daukagu, eta ez dugu etapa garaipenen aukerarik desaprobetxatu gura”
Ibilbideari dagokionez, etaparik gogorrenak azken astean helduko zaizkie lasterkariei, Alpeetan. Hori bai, lehen astean Etnako igoera izango dute, eta bigarrenean, aldiz, Blockhausekoa. Bilbaok hogeigarren etapa du ahotan: “Marmolada mendatean bukatuko da, aurtengo etapa erregina izango da, igoerak 2.000 metrotik gorako altuerakoak direlako”. Hautagaiez galdetuta, Ineos Grenadiers da, bere ustez, talderik sendoena. Podiumerako lau izen nagusiak ere oso argi ditu: Mikel Landa, Miguel Angel Lopez, Simon Yates eta Richard Carapaz. Azken podiumaren iragarpena egitera ere ausartu da: “Landa, Yates eta Carapaz ikusten ditut lehen hiru postuetan”.