Natxitua, bi gurpilen gainean jartzeko prest
Domekan XXIII. San Isidro Sari Nagusia txirrindulari lasterketa lehiatuko dute. Elite eta 23 urtez azpikoen Euskadiko Txapelketa hartuko du, aurten proba horrek. 119 kilometroko ibilbide gorabeheratsua izango dute ziklistek, eta Bedaronako nahiz Angelutxuko igoerak gako izango dira amaieran.
Domekan XXIII. San Isidro Sari Nagusia lehiatuko dute Natxitun. Euskal Herriko txirrindulari lasterketarik zaharrenetakoa da, eliteen eta 23 urtez azpikoen mailan. S.C. Gernikesa klubak antolatu du, eta 10:00etan emango zaio hasiera, eta ziklistek 119 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Natxituako herrigunean hasi eta bukatuta. Aurtengo edizioa, gainera, berezi askoa izango da: elite eta 23 urtez azpiko mailako Euskadiko Txapelketa izango da. Azken edizioko garailea Oier Lazkano izan zen; egun profesionaletako WorldTour mailan Movistar Team taldearen koloreak defendatzen dituen txirrindulariak, 2019an, Caja Rural-Seguros RGA etxearen maillotagaz irabazi zuen San Isidro Sari Nagusia.
200 txirrindulariko muga egongo da eta, Euskadiko Txirrindularitza Federaziotik aurreratutakoaren arabera, 153 parte-hartzailek eman dute izena, momentuz. Egunean bertan egiaztatuko dituzte inskripzioak, Natxituko txokoan, 08:30ak eta 09:15 bitartean. Irteera lerroan egongo diren talderik aipagarrienak, besteak beste, Caja Rural, Lizarte edota Eiser-Hirumet izango dira.
Ibilbide gogorra. San Isidro Sari Nagusian parte hartuko duten txirrindulariek 119 kilometro nekagarri eta, batez ere, gorabeheratsu bete beharko dituzte. Lehenengo eta behin, Natxitutik Muruetaganerako bidea hartuko dute, jarraian Gautegiz-Arteaga jaisteko eta, hondartzetatik pasatuta, gerora helmuga izango duten eremutik pasatzeko. Ostean, Eara jaitsi eta Ispasterko itzulia egingo dute hiru aldiz. Bukatzeko, berriz ere Eara jaitsiko dira, eta eguneko bi mendaterik esanguratsuenak igongo dituzte: lehenik eta behin, Bedarona; Eara bueltatu ondoren, Angelutxu. Igoera horren tontorrean, Natxituko erdigunean, izango dute helmuga. Tarteko helmugei dagokienez, Natxitun izango dituzte, irteera eta helmuga lerrotik pasatzean.