Irakurzaletasuna sustatzeko 21. Idazlan Koadernoak argitaratu dituzte
Guztira, 60 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte, eta jendaurrean aurkezteko aukera izan dute ikasleek.
21 urteko ibilbidea osatzeko, Gernika-Lumoko irakaskuntza zentroetako ikasleen lanak biltzen dituzten Idazlan Koadernoak kaleratu dituzte Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, herriko zentroekin elkarlanean.
Guztira, 60 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte, eta jendaurrean aurkezteko aukera izan dute ikasleek. Lehen Hezkuntzakoen lanak entzuteko aukera eduki dute herritarrek gaur; bihar Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak izango dira Foruen plazan, 11:00etatik aurrera, euren lanak irakurtzen.
Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. Hori horrela, Lehen Hezkuntzakoen liburuan 30 ikasleren lanak jaso dituzte, eskuz idatzita eta jatorrizko argazkiekin. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko mailakoen argitalpenari dagokionez, beste 30 idazlan aukeratu dituzte, helduen formatuagaz.
Argitalpenak kaleratzeagaz batera, idazleei egindako lana eskertu gura izan diete antolatzaileek, “eurak direlako protagonistak”. Hala, ohiko irakurketa ekitaldia berreskuratu dute bi urteren ostean, eta argitapenen aleak eskuratzeaz gain, Lehen Hezkuntzakoek 30 euroko bono saria eta DBH eta Batxilergokoek 50 eurokoa jaso dute, udalerriko liburu dendetan euren gustuko liburuak erosi ahal izateko. “Liburuak argitaratzeari eutsi zaio pandemiako urteetan ere, baina irakurketa ekitaldien bi urteko etena eta gero, 2022an berreskuratu egin ditugu, zorionez”, azaldu dute antolatzaileek.
Idazlan koadernoei lotuta, ohi modura, portada lehiaketa egin dute, eta honako hauek irabazi dituzte sariak: Lehen Hezkuntzakoen kategorian Aroa Goikoetxe (LH 5.maila), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergokoen artean, Xin Lin (Batxilergoko 1.maila). Lehiaketan parte hartu duten 60 ikasleen lanak ikusgai daude Artekale kalean, maiatzaren 20ra bitartean.
21 urte lanean. Idazlan Koadernoen ekimenak 2002an dauka jatorria, Udal Eskola Kontseiluak eskolaz kanpoko egitarauan sartzea erabaki zuenean. Egitasoaren helburuak ikasleen artean idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira. Hala, euskara sendotzea da egitasmoaren helburu nagusia.
Egitasmoa burutzeko urtero aurreikusten da diru kopurua, eta aurtengoa ere, 10.500 eurokoa izan da: liburuak argitaratzeak 6.000 euroko prezioa dauka, bono sariek 2.100 eurokoa eta irakurketa ekitaldiaren antolaketak, berriz, 2.400 eurokoa.