Lau txita hil dira, haize bolada bortitzek zikoinen habia bota ostean
Urdaibai Bird Centerreko arduradunek azaldu dutenez, zapatutik domekara bitartean, 90 kilometro orduko haize bolada bortitzak izan ziren Urdaibain, eta horiek eragin zuten "hondamendia".
90 kilometro orduko haize boladek “hondamendia” eragin zuten Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren ondoan zegoen zikoina zurien habian, domekan. Zapatutik domekara bitartean, haize bolada bortitzak izan ziren Urdaibain, eta zikoina bikote batek egindako habiak ezin izan zion haizearen indarrari eutsi, habia eta bertan zeuden lau txitak lurrera eroriz. “Zoritxarrez”, lau txitak hil ziren.
Urdaibai Bird Centerreko arduradunek jakinarazi dutenez, hirugarren urtea da zikoinek leku hori aukeratzen zutela euren habia eraikitzeko: “Egia esan, kezkatuta geunden aukeratu zuten zedro zuhaitz mehea ikusita, zuhaitzak ez baitzirudien nahikoa indartsua habiaren tamainari eusteko. Izan ere, neguan izandako denborale batetan habia erautsita geratu zen”.
Zikoinek “leku seguruago” bat erabil zezaten bultzatzeko asmoz, “habia handiago bat” eraiki zuten zentroko arduradunek, zentroaren aurrealdean, eta zikoinak bertara joatea zuten helburu. “Guk jarritako habia erabiltzea izan da bilatu duguna”, azaldu dute. Hala ere, zikoinak ohiko lekura itzuli ziren, eta zedro berdinean eraiki zuten, berriro ere, habia: “Zoritxarrez, gure beldurrak baieztatu egin dira eta habia zapuztu zitzaien joan den asteburuan”.
Hala ere, “ezustekoa” eraman dute, egunotan eurek eraikitako habia bisitatu dutelako, eta bertan igaro dutelako euren denbora.
“Izango al dute zikoinek beste txitaldi bat guk jarritako habian?”, galdetu dute arduradunek, eta hala izango balitz, zikoinen familiaren nondik norakoak ezagutzeko kamera bat jartzeko prest agertu dira.