Harrotasuna eta duintasuna, azken segundura arte
Lointek Gernika Bizkaiak 73-43 galdu zuen Emakumezkoen Endesa Ligako playoffetako itzuliko partidua, Perfumerias Avenidaren kontra. Margie Roundtree izan zen jokalararirik nabarmenena izan zen, 12 puntugaz.
Perfumerias Avenida ahalguztidunaren kontra jokaturiko Emakumezkoen Endesa Ligako playoffetako itzuliko partidua hil ala bizikoa izan zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Joaneko partiduan, Malosten, galerak murriztera mugatu ziren, itzuliko partidura aukerekin iristeko asmoz. Horretarako, baina, Salamancako taldearen lehen erauntsia jasan beharko zuten Lointekekoek. Perfumerias Avenidak, lehen laurdenean, ez zuen Malosteko norgehiagokan beste asmatu saskiratzeetan. Mario Lopezek lehendabiziko hutsartea egin zuen 11-2koagaz, eta lehenengo laurden hori 23-6ko markagailuagaz amaitu zen.
Minutuen joan-etorriagaz, talde gernikarrak sendotasuna erdietsi zuen erasoaldietan, batez ere, Roselis Silvaren eta Melisa Brcaninovicen eskutik. Aurkarien lantaldeko Leo Rodriguez moduko jokalari baxuagoen aldean, nagusi agertu zen Margie Roundtree, batik bat, alderdi fisikoari erreparatuta. Dena dela, Perfumerias Avenidak ondo zarratu zituen arerioak barrualdetik egindako erasoak, eta distantzia luzeetan ohiko maila handia erakutsi zuten; Maite Cazorla, Katie Lou Samuelson eta Kaleah Cooper izan ziren protagonistak. Aldeak gora egin zuen markagailuan, eta hogei puntutik gorako arrakalagaz joan ziren talde biak aldageletara: 48-21.
Bigarren aldian, gorakada. Atsedenaldiaren ondoren, Perfumerias Avenidaren batezbesteko mailak behera egin zuen, Malosteko partiduko azken minutuetan gertatu zen legez. Lointek Gernika Bizkaia, ostera, hauspotu egin zen. Bigarren mintuuan, Tinara Moorek min hartu zuen, eta horrek Lointeken rotazioei eragin zien. Saskipean, jokalaririk aktiboena Roundtree izan zen; 12 puntu erdietsi zituen, baina markagailuak, dena dela, 58-34koari eutsi zion.
Behin partidua nahiz kanporaketa ziurtaturik, 73-43 bukaturiko azkenengo laurdenak garaipen zaporea izan zuen Perfumerias Avenidarentzat. Lointek Gernika Bizkaiak, ostera, denboraldi gaitz eta nekez bat agurtu zuen; lesioek eta koronabirusak eragindako etenaldiek asko eragin diete aurten. Horregaz guztiagaz, baina, Gernika-Lumokoek denboraldiko hiru jomugak betetzea lortu dute: batetik, multzorik zailenetako batean egonik, Eurocup Women txapelketako taldekako fasea gainditzea; bestetik, Erregina Koparako sailkatzea eta finalaurrekoetara ailegatzea; horiez gain, Emakumezkoen Endesa Ligako playoffak jokatzea. Helburuok lortzeak dakarren harrotasunagaz eta duintasunagaz, 2021/2022 denboraldi konplikatua bukatutzat eman dute.
Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile Mario Lopezek argi asko azaldu du azken partiduan gertaturikoa: “Aurkaria gu baino aldea hobeto moldatu da partidu osoan zehar; playoffeko mentalitateagaz atera dira kantxara, eta guk geu, lantalde teknikoa, jokalariei pentsamolde hori kutsatzen saiatu gara, alegia, hasiera-hasieratik dena emateko saiakera egitea transmititu gura izan diegu”. Mooren lesioak utzitako zailtasunez ere mintzatu da Lopez: Zazpi jokalarigaz, rotazioetan asko sufritu dugu, min hartze hori oso goiz gertatu baita eta, zelanbait, hankamotz geratu baikara”.
Perfumerias Avenidaren intentsitate maila aintzat izanda, “ahal bezain hoberen” jokatzen saiatu direla argitu du entrenatzaileak, eta norgehiagokan “eman zezaketen guztia eman dutela” adierazi du. Behin denboraldia amaituta, hurrengo urtera begira dago jadanik: “Atsedenaldia izango dugu lehenengo, guztiok beharrezkoa baitugu eta; ondoren, hurrengo denboraldirako taldea eraikitzeari ekingo diogu, eta udan lantalde horren prestakuntza egingo dugu”.