Gernika sortu zeneko 656. urteurrena gogoratu dute
Asier Villalibre Athleticeko jokalari gernikarra arduratu da sorrerako kartari zapia jartzeaz.
Atzoko egunez duela 656 urte sortu zen Gernika. 1366ko apirilaren 28an Don Tello kondeak hiri gutuna eman zion Gernikari. Hori da, hain zuzn ere, Foruen plazan dagoen Don Telloren eskulturak eskuan daramana. Eta horri jarri zion zapia, atzo, Asier Villalibre Athleticeko aurrelari gernikarrak.
Txebi Arriaga ARGAZKI GALERIA
Gutun horretan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehaztu ziren, baita gernikarren eskubide, betebehar eta abantailak zeintzuk ziren ere. Horien arabera antolatu zen Gernika juridikoki eta politikoki, 1882ra arte. Izan ere, urte horretako urtarrilaren 8an Lumok eta Gernikak bat egin zuten.
Urteurrena gogoratzeko, Gernikako mugetatik ibilbidea egin zuten Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta; udaletxe aurrean elkartu eta 8 de Enero, San Juan, Allende Salazar eta Adolfo Urioste kaleetatik egin zuten ibilbidea. Azkenik, Don Telloren eskulturaren aurrean egin zuten ekitaldia, dantzari eta musikariek girotuta.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa izan zen. Azken urteetan, ohitura hori berreskuratu du Gernikazarrak, “hurrengo belaunaldiei gertaeren berri eman asmoz”. Duela bi urte, pandemiaren ondorioz, ez zen ekitaldirik egin, eta iaz, osasun neurrietara egokitutako ekitaldia egin zuten.
Txebi Arriaga ARGAZKI GALERA