Izaro Egibar eta Oihane Perez, Espainiako Txapelketako podiumean
Emakumezkoen gazte mailan, Euskal Selekzioak taldekako garaipena lortu du, eta Izaro Egibar bermeotarra talde irabazlean aritu da. Maila absolutuan, ostera, Oihane Perez gernikarrak bigarren sailkatu den Euskal Selekzioko taldean parte hartu du.
Lugok (Galizia) Espainiako mendi lasterketa Txapelketa hartu zuen atzo [apirilaren 25a]. Bakarkako nahiz taldekako selekzio proba izan zen CAMOVI izeneko hori. Mila korrikalaritik gorako parte hartzea izan zuen lasterketak eta, besteak beste, Euskal Selekzioko mendi lasterkariak ere irteera lerroan izan ziren. Selekzioak maila oso handia erakutsi zuen hainbat kategoriatan, batez ere, emakumezkoen senior eta gazte mailetan. Azken multzo horretan, hain zuzen ere, garaipena eskuratu zuten bai gizonezkoekin, bai emakumezkoekin. Emakumezkoen kategorian, hain zuzen, Izaro Egibar Pico bermeotarra ibili zen. Kataluniako selekziokoak sailkatu ziren bigarren proba horretan, eta Gaztela eta Leongoak, aldiz, hirugarren.
Izan ere, seniorrek bigarren postua erdietsi zuten, Espainiako azpitxapeldun sailkatzeko. 42 kilometroko ibilbidea beteta, Euskal Selekzioko sei lasterkarik norgehiagokako lehendabiziko 30en artean sartzea lortu zuten. Talde horretako partaide izan zen Oihane Perez Gernika-Lumoko korrikalaria. Kataluniako Selekzioak irabazitako proban, hirugarrenak Andaluziakoak izan ziren, euskaldunekin batera azken podiuma osatuz. Bestalde, Javier Goitiak ere parte hartu zuen; oraintsu Mendaroko Kilimon Extreme trail lasterketan jaun eta jabe izandakoak gizonezkoen senior kategorian parte hartu zuen.