Javi Goitia Mendaroko Kilimon Trailean garaile
Mendaron lehiatutako Kilimon Trail mendi lasterketan garaipen sendoa lortu du gernikarrak, mendi lasterketen EMF kopako bigarren proban. Imanol Goñi natxituarrak eta Asier Larruzea gueñestarrak osatu zuten podiuma, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Javi Goitia gernikarrak garaipen sendoa lortu zuen, zapatuan, Mendaron lehiatutako X. Kilimon Trail mendi lasterketan. Goitiak maila absolutuko proban parte hartu zuen, alegia, 23 kilometroko ibilbidekoan. Emakumezkoen artean, ostera, Onditz Iturbe izan da garailea. Parte-hartzaileek hotza eta ibilbide gorabeheratsua izan zituzten zapatuan. Euriaz, umeltasunaz eta desnibel bortitzez gain, lasterketako une jakin batzuetan elurra ere bidaide izan zuten mendi korrikalariek, eta horrek guztiorrek gogortasun gehigarria eman zion aurtengo Kilimon Trail probari.
Goitia gizonezkoen irabazleak adierazitakoaren arabera, egun “ahaztezina” izan zen: “Hasieratik oso bizkor atera ginen, erritmo handian, eta hotzak nahiz momenturen batean botatako elur malutek epika puntu bat eman zioten korrikaldiari”. Irabazleak 2:01:43ko denbora behar izan zuen 23 kilometroak egiteko; Iturbek, aldiz, 2:21:43an egin zituen lanak, Goitiarengandik hogei minutu zehatzetara. Aiaramendi klubekoak, halaber, argitu du ez zuela mailako emaitzarik espero, eta “inongo presio barik” irten zela: “Partaidetza goi-mailako zen irteeran; besteak beste, Euskal Herriko korrikalari onenetakoak eta nazioarteko beste batzuk egon ziren, tartean, norvegiar bi eta horietako bat, gainera, Salomon trail talde entzutetsukoa”.
Hori dela eta, “gozatzea eta erritmo egokia bilatzea” izan ziren Goitiaren helburuak, behin irteera hartuta. Dena dela, lehen kilometroetan bere burua “onenen pare” ikusi zuen, eta, horri esker, lasterketan “oso sartuta” abiatu zuen proba. Igoeretako nagusitasuna probestu zuen Goitiak, jaitsieretako denbora galerak murrizte aldera: “Ez naiz trail korrikalaririk teknikoena, baina goranzkoan ondo moldatzen naiz; horrenbestez, indargune hori zukutu nuen, eta garaipena lortzeko besteko aldeak eskuratu nituen, jaitsierak bermeekin egin ahal izateko”, azaldu du.
Inongo presio barik irten nintzen, nire erritmoa egin guran
Era berean, Goitiak argitu du Kilimon Trail ez zela lehen mailako helburua aurtengo mendi lasterketen denboraldian: “Ez nintzen aurreikuspen oso handiekin iritsi Mendarora, eta garaipena lortu ahal nuen emaitzarik onena izan zen”. Datozenei begira, Zegama-Aizkorri trail proba entzutetsurako dortsala eskuratzea du begiz jota, eta jomuga hori ere “bide onetik” dohakiola adierazi du. Horrez gain, hiru aste barru Galiziara joko du Euskal Selekzioagaz, maratoi distantziako Espainiako Trail Txapelketara. Proba hori ere “oso garrantzitsua” izango da bere denboraldiaren barruan, eta “maila onean lehiatzeko gai izatea” espero du.

Argazkia: Euskadiko Mendi Federazioa
Busturialdeko korrikalarien mailaz itaunduta, Goitiak argi du: “Maila oso altua dago”. Izan ere, Imanol Goñi natxituarra Goitiagandik segundu batzuetara helmugaratu zen Mendaron, bigarren postuan. Gainera, “Arrolapeko Ekaitz Lejarzegi, Aitzol Cortijo eta Paul Goitisolo maila oso altuan daude, eta euskaldeko batezbesteko maila, oro har, oso ona da”, azpimarratu du Goitiak.