Gernika Memoriaren Lekukok adierazpen askatasunaren kontra egitea leporatu dio udalari
Gernika Memoriaren Lekukok salatu du eurek antolatutako Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko egitaraua iragartzeko kartelak egunero kentzen dituela udalak:
Gernika Memoriaren Lekukok Gernika bonbardatu zuteneko 85. urteurreneko egitaraua antolatu du, eta salatu du eurek antolatutako Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko egitaraua iragartzeko kartelak egunero kentzen dituela udalak: “Azken egunotan udalak duen jarrera salatu gura dugu. Izan ere, egunero kentzen dizkigu deialdietarako kartelak, antza denez, soldatapeko pertsona baten bidez, alkatetzatik bideratuta”.
Hori horrela, plataformako kideek azalpenak eskatu dizkiote Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateari, baina ez dutela erantzunik jaso aitortu dute.
Kartelak kaletik kantzea “adierazpen askatasunaren aurkako jokabidea” dela uste du Gernika Memoriaren Lekukok, eta eurek antolatutako ekitaldiak errespetatu beharrekoak direla diote: “Gernika eta bere memoria lantzeko modu asko daude. Gu herri memoria sustatzen dugun plataforma gara, hainbat elkarteren artean eta modu bateratuan. Guk proposatzen ditugun edukiak, formatuak, aldarrikapenak –egia, justizia, aitortza eta memoria eraikitzeko beharra–, antza, ez dira gure alkatearen gustuko, baina errespetatu behar ditu berdin-berdin”.
Kalean herritik eskainitako ekimen, ekitaldi eta aldarrikapenek lekua behar dutela nabarmendu dute, baita horiek iragartzeko euskarri eta moduek ere. Horiek “ez dituela alkateak balioztatu” behar argi esan dute: “Herritarrak informatuta egoteko eskubidea dute, ekimenetan parte hartzeko aukera izan behar dute, eta ahots ikuskera anitzek aitortza bera merezi dute”.