Poloniatik Gernikara arteko bidea egiten ari dira 45 ukrainar errefuxiatu
Atzo eguerdian hustu zuten elkartasun autobusa Poloniako hiriburuko Gobal Expo zentroan, eta Mertzedeko komentuan geratuko diren 45 ukrainar errefuxiatu hartu zituzten gero. Bidean daude, eta eguazten arratsaldean ailegatzea aurreikusi dute.
Gernika-Lumotik Poloniara lehengaiez betetako autobusak kilometroak zenbatzen jarraitzen du. Lehengaiak Varsoviako Global Expo zentroan hustu eta gero, 45 ukrainar errefuxiatuz bete zuten autobusa atzo, eta udalerrirako bueltako bidea egiten ari dira orain; eguazten arratsaldean heltzea aurreikusi dute.
Domekan 04:30ean eta zero azpitik zazpi graduko tenperaturagaz ailegatu zen Varsoviara Javier Torre udalerriko bizilagunak eta udalak elkarlanean antolatutako elkartasun autobusa. Eguerdian hustu zuten, Poloniako hiriburuko Gobal Expo zentroan, handik, banaketaz arduratzen diren parrokietara eramateko helburuagaz. Haurren arropa eta Kieveko medikuntza fakultatera bidali beharreko medikamentuak, berriz, beste gune batzuetara eraman zituzten.
Arratsaldean batu zituzten errefuxiatuak, eta Gernika-Lumora ailegatzerakoan, Mertzedeko komentuan geratuko dira. “Une honetan Poloniatik ukrainarrak ateratzea oso zaila da. Atzo gauean poliziak Gernikatik joan ginenak identifikatu gintuen”, adierazi dute Poloniarako bidaia egin duten boluntarioek.
Polonian Erasmuseko ikasleen laguntza jaso zuten autobusekoek, eta euren prestutasuna eskertu dute antolatzaileek: “Gazte horien laguntza sekulakoa da, dena ematen ari dira. Euren lanik barik oso zaila izango litzateke jendeari laguntzea”.