Mundakako Katillotxu taldeko liga txapeldunei harrera egin diete
Mundakako alkate Irati Gondrak Mundakako Katillotxu F.K. taldeko jokalariak udaletxeko bilkura gelan omendu ditu, lurraldeko lehentasunezko ligako lehen postua eta ohorezko maila igoera erdietsi baitituzte.
Are futboleko Bizkaiko Lurraldeko Lehentasunezko Maila oraindik bukatu barik dagoen arren, Mundakako Katillotxu F.K. taldea matematikoki txapelketa horretako irabazlea izango da, jardunaldi bakarraren faltan. Hori gutxi ez, eta Ohorezko Mailara jauzia egingo du talde mundakarrak, denboraldi osoan emaitza bikainak lortu ondoren. Horregatik guztiagatik, Mundakako alkateak, Irati Gondrak, harrera egin dio Mundakako Katillotxuko lantaldeari, “eskuratutako emaitza hain bikain denak aitortzeko”. Harrera ekitaldia Mundakako udaletxeko bilkura gelan egin dute gaur, 20:00etan. Bertan izan dira taldeko jokalariak, udaleko zenbait ordezkari eta taldekideen senide zein lagunak.
“Futbito talde baten hazitik ernaldutako landarea” da, Gondraren arabera, Mundakako Katillotxu: “Oso pozgarria da duela zenbait urte hasitako bideak, ilusioz eta lanez, zelako fruituak eman dituen ikustea, eta emaitza horiek guztiak omentzeko aukera izatea”. Mundakako Katillotxukoen izenean berba egin du Mikel Rekero klubeko lehendakariak, “lortutakoaz pozarren eta oso harro” daudela adieraziz eta bai Mundakako herriari, bai udalari “emandako laguntza eta babes guztiagatik” eskerrak emanez.
Ostean, Gondrak, Mundakako Udalaren izenean, oroigarriak eman dizkie banan-banan taldekideei, eta klubeko lantaldeagaz argazkiak atera ditu, “Mundakako kirolarentzat ahaztezina den momentua” hilezkortzeko. Harrera eta ligaren zein maila igoeraren ospakizun ekitaldia udaletxeko balkoian amaitu da; bertan, jokalariek txapelketa irabazlearen kopa eta ikurriñak eskutan, urte osoko garaipenak eta lana ospatu dituzte, udaletxeko plazara hurreratutako mundakar guztien aurrean.
Irati Gondra: Oso pozgarria da duela zenbait urte hasitako bideak, ilusioz eta lanez, zelako fruituak eman dituen ikustea
Txapelketa amaiera “gogorra”. Ospakizun giroa jaun eta jabe izanagatik ere, Mundakako Katxillotxuko jokalariak aurpegi nekatuz eta kirolerako poltsak soinean dituztela agertu dira harrera ekitaldira. Izan ere, Mazusberriren kontrako partidua izan dute udaletxeko agerraldia orduko, eta kantxatik zuzen-zuzenean joan dira harrerara. Hain zuzen ere, Mazusberri da Lurraldeko Lehentasunezko Ligako partiduetan buruko min handiena eman dien aurkarietako bat; ligako partidu guztiak irabazi dituzte orain arte, Mazusberriren kontrako berdinketa izan ezik.
Eta berdinketan bukatu da gaurkoa ere: 3-3. Jokalariak emaitzagaz oso pozik agertu ez diren arren, azpimarratu dute norgehiagoka “oso borrokatua” izan dela, eta arerioak ere “bikain” jokatu duela. Halaber, lantaldeak izandako hutsek ere eragin dietela argitu dute.
Argazki galeria hemen ikusgai.
Bideoa hemen ikusgai.